Gure platera gurea aukera plataformaren dinamizazio prozesuaren baitan, lau tailer egin dira ikasleekin Gernikako Allende Salazar eskolan (lau proiektu pilotuetako bat) eta Alonsotegi eskolan (VSF-ek bost urte daramatza Alimentacción proiektua lantzen bertan).

Kontuan izanik ikasleak direla eskola-jangela eredu berriaren hartzaileak, garrantzitsua da proiektuarentzat euren inplikazio positiboa. Horretarako, beharrezkoa da ikaslegoa barne hartzea, ez zerbitzuaren hartzaile pasibo moduan, baizik eta zerbitzua nola eta zertarako diseinatuko den erabakiko duen subjektu aktibo/politiko moduan, euren iritzia kontuan hartuz elikatzearen oinarrizko beharraz haratago doazen kontuetan.

Inplikazio hau indar handiko tresna bihur daiteke elikaduran oinarritutako bertako dinamika iraunkorrak sortzeko, bertako komunitateetako giza-loturak indartzeko (batez ere nekazaritzako elikagaien ekoizpen eta kontsumoaren artean), eta herritarrak bertako dinamika jasangarri eta solidarioetan inplikatzeko.

Hauek izan dira ikasleekin egindako prozesu parte-hartzaileen helburuak:

  • Jangelaren antolakuntza eta kudeaketari buruz ikasleek zer ezagupen eta pertzepzio daukaten jakin. Aldaketa atzeman duten ikusi eta, hala izatekotan, nola bizi izan duten erakutsi.
  • Elikagai osasuntsu, justu, bertako, garaiko eta ekologikoen kontzeptuak sartu.
  • Elikagai batzuen kontsumoari buruz hausnartu.
  • Jangela ideala nolakoa izango litzatekeen identifikatu eta helburu hori modu kooperatiboan lortu ahal izateko jarduera bideragarriak bilatu.
  • Parte-hartze aktiboa eta elkarrekintza sustatu baita giza-funtzionamendurako patroi osasuntsuak ere. Talde lanean aritzeko ohitura onak eskuratu.
  • Ikastetxe bakoitzeko eskola-jangela proiektuak aberastu ikasleen eta Gure platera gure aukera plataformaren ikuspegi eta iritziekin.
  • Ikasleak inplikatu eskola-jangelaren proiektuan eta GPGA ekimenean.
  • Tailerretan inplikatu diren ikastetxeetako emaitzak ikasleen artean elkarbanatu.

Lau tailer egin dira. Hasteko, jangela ebaluatu da, altzarietatik hasi eta ikasleek jasotzen duten traturaino. Ondoren, elkarrizketak egin zaizkie jangelako arduradunei eta bertako ekoizleei. Azkenik, menua eta jangela ideala diseinatu dira.

Lan guzti honetatik kontu garrantzitsu eta interesgarriak sortu dira:

  • Ikasleek modu aktiboan parte hartu nahi dute prozesuan eta aldaketak ezagutu nahi dituzte baita berauen zergatia ere, guztia hobeto ulertzen laguntzen dielako baita langileekin harremanak hobetzen ere.
  • Ikasleek eskatzen dute euren gustu eta iritziak kontuan izatea.
  • Ekoizleak ezagutu nahi dituzte, jaten dutena landatu, hazi eta elaboratzen duten pertsonak. Edozein zigilu ekologiko baino berme hobeagoa da hori!
  • Oso argi dute menu osasuntsua, gozoa, orekatua eta ekologikoa nahi dutela, justua pertsonekin eta animaliei tratu egokia ematen diena, agrotoxiko eta pangarik gabea eta, nola ez, umeen lanik gabea.
  • Hasi dira ontzien erabilera murrizten baita gosariko hondakin organikoak konposta egiteko erabiltzen ere