Urdunako familiek prentsaurrea eskaini dute gaur Laudioko Viña Vieja Plazan, Osasun Sailaren bulego aurrean. Euren hitzak jaso nahi izan ditugu. Hemen dituzue:

“Urdunako Eskola Publikoko 6.mailako ikasleek zentroak eskaintzen dien zikloa bukatu dute haien ametsa bete gabe. Haur Hezkuntzako ikasleak ziren prozesu hau hasi zenean. Zer erakutsi die gizarte honek urte hauetan?, Pena merezi al du hainbeste lan egitea gauzak hobera aldatzearen alde?

Martxoare 31ean, Osasun saileko oniritziaren zai dagoen, Hezkuntza Departamentuaren oniritzia duen eskola jantokiko proiektu pilotoaren alde ospatutako kalejiraren ondoren, badirudi zerbait mugitzen dela. Baina ikasturtea bukatu da eta berririk gabe jarraitzen dugu, ez dago idatziz ezer onartuta.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuaren bileraren zai gaude otsailetik, badirudi uztailak 6an izango dela.

Urdunako Udalak, sukaldeko instalazioen arduradunak, Osasun Sailaren jarrera erabat aldatu dela dio, ezezko borobil batetik, proiektua elkarlanean
martxan jartzeko jarrera batera. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako Zuzendaritzak, Urdunako Eskola Publikoko Eskola jantoki ekologikoa errealitate bihurtu dadin nahi du, eta proiektuaren alde bere eskuetan dagoena egiteko borondatea azaldu du hitzez.

Babesak lortu dira, hitz politak, mezu positiboak, borondate asko, baina momentuz, idatziz jasotako komunikazioak, gaur egungo sukaldearen jardueraren zabaltzeari ezezkoa eman dio.

Jakinarazi digutenez, proiektua martxan jartzeko oztoporik handiena sukaldearen tamaina da. Baina araudiak ez du sukaldearen tamaina arautzen. Araudiak, lanerako gelak, espazioak eta eremuak aipatzen ditu, baina ez hauek izan behar duten metro karratuak. Ez dago azalera minimorik, ez ematen diren zerbitzuaren arabera, ez sukaldean lanean arituko diren langileen arabera ezta prestatu behar diren menu ezberdinen kopuruaren arabera.

Sukaldearen tamainari dagokionez, ideala ez da arau.

Urdunako Eskola Publikoko familiek hauxe eskatzen diogu Osasun sailari: gure proiektuari dagokion araudia har dezala kontutan, eta beste sukalde batzuk betetzen dituzten baldintzak kontutan izateko ere, eta ez dadila gure proiektuarekin beste batzuekin baino zorrotzagoa izan.

Sukalde instituzional eta sukalde zentral askok ez dute alergikoentzako otorduak prestatzeko toki berezirik, autokontrola eta praktika onak dira otordu hauek baldintza higieniko sanitario egokietan prestatu direla ziurtatuko dutenak.

Urdunako eskola publikoko familiak irailean proiektua martxan nahi dugu.

Behin da berriro administrazioaren paretaren kontra jotzen dugu gure buruarekin, baina ez gera oraindik nekatu, ezta nekatuko ere, egunetik egunera gure seme alabentzako zer nahi dugun argiago daukagu eta.

Ikasturtea bukatu da, lehen hezkuntzako 6.mailako taldea badoa, haur hezkuntzako ikasleak ziren hau dena hasi zenean, badoaz, Urdunako herriak borrokatu duen ametsa beteta ikusi gabe.

Urdunako Eskola Publikoko familiek aldaketa nahi dugu datorren ikasturtearen hasierarako. Ez dugu datorren urtean 6 mailara iristen diren ikasleek gure eskolari modu gazi gozoan agur esaterik nahi.”