Berton Bertokoa tokiko elikaduraren aldeko dinamikak jaialdi berezi bat egingo du apirilaren 1ean, Elorrioko Arriola aretoan, 19:00etan. Berton Bertokoa taldeak antolatu duen galak hurrengo helburu ezberdinak ditu:

  1. Eskola publikoetako jangelaren gaia mahai gainean jartzea.
  2. Jangela eredu berri bat eskatzea erakunde publikoen kudeaketaren babesa daukana.
  3. Falta diren eskoletan sukaldea jartzea.
  4. Eredu berri horren alde lanean egon direnak edota gure ibilbidean lagundu digutenei eskerrak ematea sari bat emanez.
  5. Beraien egunerokotasunean bertakoaren alde lan egiten dutenak saritzea.

Zuzeneko musika, sari banaketa, photocalla eta dantzak egongo dira eta ekitaldian parte hartuko duten artistetako batzuk zeintzuk izango diren argitu dute. Alde batetik, Durangoko L’Atelier eta Galdakaoko Strat dantza taldeetako kideak oholtzan arituko dira sari banaketak iraun bitartean. Bestetik, Ganso y CIA clown konpainiak ere parte hartuko du, eta ez dira faltako Elorrioko Iheskide taldearen punk rock doinuak.

Ekitaldira batu diren beste batzuk eskualdeko kirolariak dira. Oihana Azkorbebeitiak eta Ibai Zabalak galan parte hartzera deitu dituzte Durangoko herritarrak, familiak eta gurasoak.

Ekitaldirako sarrerak dinamikak esku hartzen duen eskoletan daude salgai, 3,5 euro (umeak) eta 5 (helduak) euroan. Durangalde osoko herritarrak deitu dituzte galara joan eta Arriola aretoa betetzera.