Koronabirusak eragindako larrialdi egoerak gure egunerokoan eragina izan du, baita erosketa egiteko moduan ere. Dena den, hainbat eragilek bertoko produktuak etxera eramateko ekimenak jarri dute martxan. HAZI Fundazioak hainbat ekimen batzen ari da gure inguruan Covid-19 birusak lehen sektoreko zuzeneko salmentan duen eragina gutxitzeko asmoz. Hemen uzten dizkizuegu kontuan izateko ekimen interesgarri batzuk:

ARABAN:

Uagalur

Uagalur da Arabako nekazaritza sektoreak bultzatu duen ekimen komertziala da. Horren bidez, saldu nahi dituzte euren produktuak zuzenean, bitartekari barik Bere helburua da nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiei irtenbide berria ematea euren produktuak merkaturatzeko, euren merkaturatze kanalak laburtzeko, bitartekariak saihestuz eta produktore eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzenaren alde eginez.

Amurrio

Amurrioko ostiraletako merkatuko 7 baserritar ekoizle ere hasi dira euren produktuak etxez etxe banatzen. Barazki freskoak, kontserbak eta zukua, euskal pastela, ardi gazta, etxeko ogia eta txerri-hestebeteak bezalako produktuak aurkituko dituzu.

 

BIZKAIAN:

Urduñako Merkatua

Urduñako merkatua izan da itxi behar izan den bat. Honi aurre egiteko, Urduñako Zaporeakek martxan jarri du ekimen bat merkatuan dauden produktuak etxez etxe banatzeko. Astero baserritar berriak gehituko dira, eta zein produktu dauden eskuragarri argitaratuko da. Astero egingo da banaketa.

Baserritik Gernikara

baserritikgernikara.eus, baserrietako produktuak etxeetara eramateko on-line ataria da. Gernika inguruko baserritar, kontsumitzaile eta gizarte eragileen elkarlanari esker, Gernikako inguruko ekoizleen produktuak zuzenean erosi eta etxean jasotzeko aukera daukazu. Orain plaza zure etxera doa. Oraingoz Gernika-Lumon bakarrik egingo dira banaketak.

Nekazamudio

Zamudioko merkatua ere gaur egungo egoerak kaltetu duenetako bat da. Facebooken profila dute eta haren arabera produktoreen gidaliburuari eman nahi diote hauspo, zuzenean produktorearekin harremanetan jartzeko eta gura duzun eskaera egiteko.

Uribe Butroe Elikadura Burujabetza

Uribe Butroeko kontsumitzaile eta produktore talde batek martxan jarri duen ekimena da. Whatsapp bidez elikagaien eskaerak egin daitezke 8 produktore agroekologikorekin. Banaketa egingo da asteazkenetan Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika, Bakio-Jatabe-Laukiz eta ostegunetan Meñaka, Mungia, Gatika eta Larrauri. Larrialdi egoera honi erantzuna emateko ekimena bada ere, aurreraxeago indarrean mantentzea ari dira pentsatzen. 

 

GIPUZKOAN:

EtxEKO azoka

Gipuzkoako produktu ekologikoak Donostiako etxeetara zuzenean iristeko ekimena da EtxEKO azoka. Donostia inguruko hainbat ekoizle eta egilek bat egin dute Gipuzkoako hiriburuan banaketa kolektiboa egiteko, eta ekimenari deitu diote:EtxEKO Azoka. Ekimen honek Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesa du. Sareko.net webgunearen bitartez, sasoiko barazkien, ardi eta behi esne eta esnekien, arrautzen, zereal ezberdinetatik datozen ogien, sagardoaren, Idiazabal gaztaren eta beste hainbat produkturen eskaintza zabala eskura dituzu, betiere Gipuzkoan eredu ekologikoan ekoitzita.

Tolosa, Azoka zure etxera

Tolosako Udalak Azoka zure etxera ekimena abiaraziko du aste honetan bertan, ekoizleekin elkarlanean, elikagaiak saldu eta erosteko aukera bermatzeko helburuarekin. Eskariak telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz egin eta elikagaiak etxera banatuko dira, ekoizle bakoitzak zehaztutako maiztasunaren arabera.

Debabarrena baserritik etxera

Debabarrenako 7 baserrirarrek etxez etxeko zerbitzua jarri dute martxan, elikagaiak etxeetaraino eramango dituzte. Eskariak,telefonoz, WhatsAppez edo emailez jasoko dituzte. Harremanetan jartzeko modua eta informazio guztia BASERRIKOA DEBABARRENAren Facebooken aurkituko duzu.

 

EAEn:

Baserriko plaza

Ehkolektiboa, beste hainbat eragilerekin batera, web plataforma bat sortzen ari da COVID 19ko krisiari aurre egiteko eta Euskal Herriko nekazari eta baserritarren produktuak herritarren eskura errazago jartzeko.

BBK Azoka

BBK Azoka BBK-k sustatutako ekimena da. Horren bidez, kontsumitzaileei salmenta online egiteko kanala eskaintzen die Bizkaiko nekazari eta abeltzainei zuzenean nekazaritza-produktuak erosteko, bitartekari barik. Gainera, bilatzen du Bizkaiko nekazaritza-produkziorako eredua ezagutzera ematea.

Labore: Bilbao, Oiartzun y Txingudi

Bilboko lehen supermerkatu kooperatiboa da Labore Bilbo. Ekoizleek elkarrekin egindako lanari esker, elikagaien aukeraketa hiru irizpide nagusitan oinarritzen da: tokikoa, ekologikoa eta bidezkoa. Santutxu auzoan dagoen supermerkatua ohiko ordutegian dago zabalik.  Oiartzunen eta Txingudin ere badu egoitza Laborek. Kalitatezko tokiko produktuak eta produktu ekologikoak eskaintzen ditu, bidezko prezioan.

Bio Alai

Arabako 1.200 familiak baino gehiagok osatzen dute Bio Alai kontsumo ekologikoaren elkartea. Autozerbitzuko lokal bat dute bazkideek erosteko.

Landare:

Landare Iruñerriko Produktu Ekologikoen Kontsumitzaileen Elkartea da. Aurrez aurreko eskaerei erantzuten diete ohiko ordutegian.