INTIA, HAZI eta INTERBIO Nouvelle Aquitaine erakundeek osatzen dute RESELOC proiektua. Bertako produktuak eta produktu ekologikoak sukaldaritza kolektiboan txertatzea eta bertako sektoreen eskualdeko estrategiak indartzea da proiektu honen helburua.

Proiektu honi esker, praktika onak ezagutzeko bisitak egin dituzte. “Gure platera gure aukera”, EHIGE eta Bidezko Elikadura gonbidatuak izan dira.

Nafarroako bisitan lau praktika on ezagutzeko aukera izan genuen: Ekoalde, Nafarroako ekoizpen ekologikoa biltzeko eta banatzeko abiatu den gunea, APPINA Nafarroako Pirinioetako patata ekoizleen logistika eta banaketa zentroa, Iruñako aurreko bus geltokian dagoen Geltoki ekonomia sozialerako gunea eta “Hemengoak” Iruñako haur eskolen proiektua.

Horietako bi bisita kontatuko dizkizuegu: Ekoalde eta “Hemengoak” Iruñako haur eskolen proiektua.

Ekoalderi esker, Nafarroan produktu ekologikoak ekoizten dituztenei aukera ematen die zuzenean erosleengana iristen, harreman zuzenak eta gardenak sortuz. INTIAk (Nekazaritzako Elikagaien Teknologia era Azpiegituretarako Nafar Institutua), CPAENk (Nafarroako nekazal produkzio ekologikoaren kontseilua) eta AENk (Nafarroako produktu ekologikoen enpresen elkartea) sustatutako ekimena da hau.

Momentuz eskaerak Excell orri baten bidez egiten diren arren, gutxi barru erosleek webgunearen bitartez eskaerak egiteko aukera izango dute, non katalogo oso bat aurkituko duten.

Ekoaldek eskariak kudeatzen ditu, ekoizleekin harremanetan jartzen da, produktuak jasotzen ditu eta eskariak eta hauen fakturak erosleei bidaltzen dizkie, prozesua erabat erraztuz. Ekoizleek, eskaria jasotzen dute, hilabete amaieran fakturak emititzeko eta eskaerak entregatzeko. Ekoizleek Ekoalderen eskaria jasotzen dute eta euren instalakuntzetara eramaten dute. Ekoaldek egiten ditu hornitzaileentzako fakturak hilabete amaieran.

Gaur egun 50 ekoizle ekologiko baino gehiago biltzen ditu Ekoaldek, sektore desberdinetakoak: fruta eta barazkiak, edariak, olioak, kontserbak, ogiak, okela, esnekiak eta bidezko merkataritzako produktu batzuk, azukrea eta kafea, besteak beste.

Iruñako Hello Buztintxuri eskola udalak kudeatzen duen hamaika eskolen artean dago. Hurrengo irizpideetan oinarritutako menuak proposatzen dituen proiektu esperimentala martxan jarri dute: gertuko produktuak, freskoak, sasoikoak, ekologikoak eta zuzenean ekoizleei erositakoak.

Proiektu hau Nafarroako Erosketa Publikoa izeneko taldeari esker sortu da. Elikadura Burujabetzari buruzko Parlamentu Irekian sorturiko ekimena, Nafarroako administrazioek sartu ditzaten gertutasun, ekologiko eta garaiko kriterioak elikagaien erosketa publikoetan.

Hello Buztintxuri eskolan adinaren araberako lau taldeetan banandutako 88 umek bazkaltzen dute: bularreko umeak (4-10 hilabete bitartekoak), ibiltzen diren umeak (11-19 hilabete bitartekoak), ertainak (20-33 hilabete bitartekoak) eta nagusiak (24-31 hilabete bitartekoak). Talde bakoitzak bere jantokian bazkaltzen du, mahai borobiletan, umeen arteko harremanak sustatzeko xedez.

Ingurunearen estetika eta giroa lasaia izaten da. Bazkaltzeko erabiltzen dituzten materialak ere aldatu dira; lozazko platerak erabiltzen dituzte eta edalontziak eta pitxarrak beirazkoak dira. Ia plastiko guztia desagertu egin da eta ogi-saskiak kanaberaz eginda daude.

Arlo pedagogikoa oso garrantzitsua da proiektu honetan, langileak tituludunak dira eta formakuntza eskaintzen zaie. Hezitzaileak eta sukaldeko langileak zein garbitzaileak arlo desberdinetako formakuntzetan parte hartzen dute: arlo pedagogikoan, psikologikoan, hezkuntza arloan, dokumentazioan, menu osasungarrietan… Hemen kontsultatu dezakezue hezkuntza proiektua.