“Ekoizleei eta instalatzen diren gazteei salmenta sare berriak proposatzea da gure asmoa”

  • Duela hiru bat urte hasi zen Ipar Euskal Herriko Arrapitz Federazioa laborantza iraunkorraren inguruko beste hainbat elkarte eta talderekin lanean, errestaurazio kolektiboko profesionalei bertako eta kalitatezko produktuak saltzeko bide berriak aztertzen. Bilatze horretatik sortu da Iparlab proiektua. “Laborarion aldetik, ikusten genuen salmenta sare batzuk ez direla sakonki landuak izan, kantina eta jatetxeena, esaterako. Haiengana iristeko plataforma eta logistika sortzea izan da ideia”, azaldu du Argitxu Iturria barazki ekoizleak eta proiektuko kideak.

Argazkia: Bixoko 2022.

2023ko urtarrilaren 05an - 07:00

Honezkero lanean ari diren laborariei ez ezik, instalatu nahi duten belaunaldi gazteagoei ere bultzada ematea da proiektuaren asmoa, eta baita Iparraldean kalitatezko laborantza bultzatzea eta honezkero martxan diren sareak indartzea ere. “Iparlaben parte izateko hainbat baldintza jarri ditugu kalitate aldetik: fruitu eta barazkien kasuan, biologikoan ari behar dute, edo Idoki edo bertako kalitatezko labelak errespetatu”, dio Iturriak. Proiektuaren parte diren 40 bat ekoizle bost sailetan banatuta daude: barazkiak, esnekiak, haragia, hegaztia eta epizeria. Sail horietako bakoitzak bere lantaldea du, prezioak adosteko.

“Bestetik, trazabilitateari ere garrantzia handia ematen diogu. Gure bezero profesionalak, badaki produktua nondik heldu den, alegia, Iparlab-en etiketaz gain, laborariarena ere badarama”, gehitu du ekoizleak. Errestaurazio kolektiboari begirako eskaintza eta banaketa egiten du Iparlab-ek: jatetxeak, kantinak, zahar-etxeak, haurtzaindegiak… “Ekoizleok lehenagotik lan egiten genuen profesional horiekin, baina jatetxe batek bertako produktuak nahi bazituen deitu beharra zuen baratzezaina alde batetik, gasnagilea bestetik… orain, gune berean denak atzematen ditu. Komanda bat, librantza bat”, adierazi du. Webgunean egiten dute erosketa bateratua profesionalek, eta erosketa guztia jasotzen dute Iparlabi esker.

“Borondate politikoa badago, gauzak posible dira”

Proiektua definitzeko eta antolatzeko hiru urteko lanketa egin dute bultzatzaileek, eta horretarako lanpostu bat sortu zuen Arrapitz federazioak. Postu hori, dena den, Euskal Hirigune Elkargoari esker finantzatu dute. “Hor argi ikusten dugu nahikari politikoa badelarik gauzak aitzinaratzen ahal direla”, dio Iturriak. Joan den urtetik, ordea, Iparlabeko langilea plataformak berak finantzatzen du, egiten dituen salmentetatik zati bat proiektura bideratuz.

Momentuz 40 laborari inguru batu dira proiektura, eta banaketak Ipar Euskal Herri osoan barna egiten dituzte. Etorkizunera begira, dena den, proiektuko ateak laborari berrientzat zabalik daudela azpimarratu du kideak. Ekoizle eta laborarien lankarga elkarlanaren bidez arintzeko aukerak badirenaren eredu da Iparlab, Euskal Herriko antzeko beste zenbait proiekturekin batera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Eguneraketa berriak daude