Hilabete eskas geratzen zaio Eusko Jaurlaritzari eskola-jantokien eredua aldatzen hasteko. Hala ere, gaur egun ez dago inolako lan-egutegirik inplikatutako eragileekin ezta alternatiba bideragarririk ere.

Urriaren 24ean Eusko Legebiltzarreko partidu guztiek 4 hilabeteko epea eman zioten Eusko Jaurlaritzari jantokien plegu berriak inplikatutako eragileekin kontrastatzeko eta beste eredu deszentralizatu batzuk aztertzeko. Horretaz gain, datorren ikasturterako araudi berri bat egitera premiatzen zuten, kalitatea eta segurtasuna bermatuz baita lan-baldintzak ere, eta sukaldeak egitera hala eskatzen zuten ikastetxeetan.

Egun ez dago lan-egutegirik ezta bideragarritasuna duen proposamen alternatiborik . Egoera hori izanik, borondate politikoa eskatzen diogu Jaurlaritzari:

  • Inplikatutako eragileekin adostutako baldintza-agiri berriak egiteko.
  • Bideragarriak diren proposamen alternatiboak proposatzeko.
  • Sukalde berriak eraikitzeko.
  • Araudi berria egiteko.

Egungo eredua ez da sostenigarria eta ez die erantzuten eskola-komunitateen eskariei. Horretaz gain, diru publikoarekin eta eskola publikoko familien diruarekin aberastu ditu bost katering enpresa handi.

Beste behin, adostutakoa bete eta gai honetan inplikatzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari hezkuntza komunitate eta eragile sozialek.