Azken egunotan, bilerak egin ditugu Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin, eta egiaztatu dugu alderdi guztiek indarrean mantentzen dutela 2019ko urriaren 24ko legebiltzar-akordioa. Akordio horren arabera, eskola-jantokien kudeaketa zuzeneko sistemak aldaketak eta hobekuntzak behar ditu esleipen, gardentasun eta kontrol prozeduretan. Erabaki horretan, Eusko Legebiltzarrak honako hauek eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzari:

  • Sistema osagarri baten oinarriak zehaztea, kudeaketa berritzaile eta deszentralizatua aukeratzen duten ikastetxeek aukera bideragarriak izan ditzaten.
  • Indarrean dagoen araudia berridaztea.
  • Prozesu bat garatzea eskola-komunitateetako eragileekin, jantoki-zerbitzua kontratatzeko baldintza-agirietan oinarri tekniko berriak ezartzeko.
  • Sukaldeak eraikiko direla ziurtatzea hala eskatzen duten zentroetan.
  • Zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatzea, baita langileen lan-baldintzak ere.

Gobernu berria osatu eta Eusko Legebiltzar berria abian jarri ondoren, berriro jarriko gara harremanetan haren ordezkariekin, 2020-2021 ikasturtean Legebiltzarreko akordio hori bete dadin.

Gure Platera Gure Aukera ekimenak, 30 kolektibo sozial, sindikal eta hezitzailek osatutakoak, bost urte baino gehiago daramatza eskola-jantoki osasuntsuago, hurbilago, bidezkoago eta hezigarriago batzuen alde lanean, eta egunetik egunera gero eta indar handiagoa du gizartean, eskolako elikadura osasuntsu eta iraunkorraren aldeko kezka gero eta gehiago agertzen baita agenda politiko, mediatiko eta sozialean. Asko izan dira gai honek azken urteotan izan dituen gorabeherak, ikerketa batzordetik hasi eta Legebiltzarraren mozioraino. Horregatik, uste dugu oso beharrezkoa dela orain arte landu nahi izan ez den gai honi merezi duen zeharkakotasunez aurre egitea eta seriotasunez landu ahal izatea.

Ilusio handiz jaso genuen Eusko Legebiltzarraren urriaren 24an aho batez onartu zen mozioa. Hala ere, ezarritako epeak, COVID-19 baino lehenagokoak izan arren, ez dira bete. Zentzu horretan, uste dugu beharrezkoa dela alderdi politiko bakoitzak mozioak planteatzen dituen agindu sorta hau ezartzeko beharrezkotzat jotzen dituen konpromisoak hartzea.