Kurtso amaiera gertu dago eta eskola-jantokien etorkizunaren inguruan Eusko Jaurlaritzaren asmoa zein den ez dakigu. Inolako zalantzarik gabe baieztatu dezakegu, gai hau kajoi batean sartu dutela hauteskundeak pasatu arte, arazo ez bilakatzeko xedez.

Duela gutxi jakin izan dugu Eusko Legebiltzarreko Ikerketa Batzordearen ebazpena maitzaren 26ko hauteskundeen ostean ezagutuko dugula. Ikerketa Batzordearen helburua da Lehiaren Euskal Agintaritzak argitara eman zuen catering enpresen iruzurrean ardura politikorik egon ote zen ikertzea. Familiak eta gizartea sare publikoen eskola-jantokiak kudeatzen dituzten enpresen iruzurren biktimak izan garela argi dago. Ikusiko dugu nola konpentsatzen den kalte guzti hori.

Gutxi barru enpresa hauen kontratua amaituko da, baina oraindik ez dira argitaratu baldintza-agiri berriak. ¿Maiatza amaituko da eta oraindik ez dugu ezagutuko irailetik aurrera gure seme-alaben menuak egiteko eskatuko diren baldintzak?

Beste kudeaketa ereduen inguruko Eusko Jaularitzaren erabakia ere atzeratu dute, izan ere, martxoan alde batera utzi zuten jantokien kudeaketa osoa IGEen esku usteko aukera. Zerikusia izan zuen neurri batean edo bestean, inplikatutako (ia) agente guztiek gaur egungo ereduaren alternatiba ez den aukera hau ukatu izana.

Bitartean, beste eskola-jantoki hurbil eta sustengarri eredu bat posible dela erakusten duten ekimenak ezagutzen goaz. Lau esperientzia pilotuek sukaldeen usaina eta zaporea irauli dute, oztopo guztien gainetik araudiaz kanpoko esperientziak tinko mantentzen dira eta gero eta gehiago dira alternatibak proposatzen dituzten eskolak.

Hezkuntza zentroetan goitik datozen aldaketak eskatzen jarraitu behar dugu, behetik egiten den lana albo batera utzi gabe. Horretarako, hezkuntza-komunitatea osatzen dugun pertsonen artean adostu behar dugu nolako eskola-jantokiak nahi ditugun eta ze hezkuntza mota nahi dugun hurrengo belaunaldietarako.

Egin ditugun bisitak norabidea adierazten ari dira:

Iparraldean eta Iséren ikasi dugu borondate politikoa dagoenean eskola-jantokietan bertako produktuak eta produktu ekologikoak sustatzen dituzten politika publikoak sustatu ahal direla.

Italian egiaztatu dugu eskola elikadura eta osasuna elkarrekin joan behar direla, eta elikadura osasuntsua sustatzea ezinbesteko tresna pedagogikoa dela gure txikien etorkizunerako.

Katalunian, eskola-jantokiak balio handiko tresna pedagogikoak direla.

Kanarian departamenduen arteko elkarlana ezinbestekoa dela ikasi dugu (Hezkuntza, Osasuna, Nekazaritza) eskola-jantokietan bertako produktuak eta produktu ekologikoak bermatzeko.

GPGA osatzen dugun pertsonek eta elkarteek eskola-jantokien sistemen hobekuntzen inguruan ikasten jarraitzen dugu (eragin politikoa, kontratazio-agiriak, komunikazioa, eta abar.)

Abenduan amaitu zen eskola-jantokien batzordearen jarraipen-mahaian gure jakintza partekatu eta parte hartzeko borondatea erakutsi diogu Eusko Jaurlaritzari. Eta egungo sistemaren aurrean beste alternatibak bilatzen dituzten pertsonen premiak atenditzen ditugu egunero.

Asko geratzen da oraindik egiteko eta borrokatzeko!

Gutxi barru informazio gehiago!