2003tik 2015ra bitartean eskola-jantokietan egindako kudeaketa txarrak 70 eta 80 milioi eurotako gainkostua eragin die Administrazio publikoari eta familiei. Halaxe jaso du Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordearen ebazpenak.

Zazpi catering enpresek EAEko eskola-jantokien kudeaketa banatzea adostu zutela salatu zuen 2016an Lehiaketaren Euskal Agentziak eta 18 milioi euroko isuna ezarri zien gaur egun ere jantokiak kudeatzen ari diren enpresa berberei. 7,4ra jaitsi zuen kopuru hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Eusko Jaurlaritzaren kontrol ezagatik.

Gure platera gure aukera plataformak aspaldi esan zuen egungo eredua agortua dagoela eta hainbat proposamen egin ditugu eredu osasuntsuagoa, gertuagoa, justuagoa eta hezitzailea lortzeko. Ebazpen honek indartu egiten du gure posizioa. Ez dago arrazoi eta froga gehiago beharrik funtzionatzen ez duen eredu bat lurperatzeko.

Horregatik, eskola-jantoki eredu berri bat sortu ahal izateko prozesu parte-hartzaile bat abiatzea eskatzen diegu Eusko Jaurlaritza eta partidu politikoei, inplikatutako alde guztiekin.