Atzo, abenduak 14, “Eskola-jantokiak EAEn. Nolakoak diren eta nolakoak izan litezkeen: elikaduraren kalitatea, hezkuntza-potentziala eta ingurunearekin duen lotura” ikerketa aurkeztu zuten VSF Herrien Bidezko Elikadura eta EHIGE elkartek Irantzu Duro (LAIA Ekosormena) ikerketaren egilearekin batera.

Ikerketaren helburu nagusia EAEko ikastetxeetako elikadura-sistemen analisi eta diagnostikoa egitea izan da. Ikastetxe barnean zein inguruarekin lotuta dauden erlazio, erabaki eta jarduera guztiak barne hartzen ditu ikastetxeetako elikadura-sistemak. Eskola-jantokia da elikadura-sistemaren zutabeetako bat, horregatik zentratu gara bertan.

Lau atal ditu ikerketak:

  • Sistemaren ezaugarritzea: sistema ondo definitu, hau da, osatzen duten atal guztiak definitu, baita berauen funtzio eta akzioak ere, hala nola erlazio hauek gidatzen dituzten arau eta erakundeak.
  • Inpaktuak eta eraginak: sistemaren inpaktu lokalak eta globalak aztertu elikadura-sistema eredu desberdinak konparatu ahal izateko.
  • EAEk dituen baliabideak ezagutu (testuinguru lokalaren deskribapena). Baliabide horien arabera egingo dira hobekuntzarako proposamenak.
  • Eskola-komunitateen elikadura-sistema hobetzeko proposamen zehatzak, EAEren baliabideak eta inpaktuen murrizketa kontuan hartuta.