Jangurie Urdaibaiko eskola-jantokien eredu jasangarri, osasuntsu eta bertoko baten aldeko ekimena da. Urdaibaiko ikastetxe guztiek osatzen duten ekimen hau azaroaren 18an aurkeztu zuten Gernika-Lumon.

Ikastetxe bakoitzaren gaur eguneko errealitateak ezberdinak badira ere, antzeko helburu eta beharrak dituzte. Eta, jantoki eredua aldatzeko bidean, indarrak batzeko erabakia hartu eta ahots indartsu bat izateko helburua dute.

Tokiko ekonomia bultzatu eta bertoko elikagaietan oinarritutako jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaile baten aldeko apustua egiten dute. Jantoki eredu berri honetan, langileen lan baldintzak zaindu eta ahal dan heinean hobetzea helburu dute.

Hauek dira Jangurie ekimenaren helburu nagusiak:

  1. Umeek osasuntsu jatea. Bertoko elikagaiak, sasoian sasoikoak eta kalitatezkoak.
  2. Eskualdeko lehen sektorearen suspertzea. Bertako ekonomiaren aldeko apustua egiten dute. Lehen sektorea suspertzea eta baserritarren bizi baldintzak duinak izatea.
  3. Eskualdearen jasangarritasuna. Modu naturalean hazitako elikagaiak nahi dituzte jantokietan, ahalik eta produktu ekologiko gehien izateko helburuarekin.

Horrez gain eskola publikoek jantoki eredua erabakitzeko askatasuna izatea aldarrikatzen dute, baita sukaldeak eraiki eta martxan dauden sukaldeak mantentzea.