Gure jantokia eraldatzeko eta osasungarri, hezigarri, hurbileko, agroekologiko eta bidezko bihurtzeko lehen pausoetarako jarraibideak, ideiak eta orientabideak.

 

Honako hauekin  kezkatuta dauden pertsona horiei zuzenduta dago gida hau: ikastetxeetako elikadura eta, hain zuzen, bertan haurrek eta gazteek zer jaten duten, horrekin zer ikasten ari diren eta horrek nola eragiten duen gure komunitatean eta ingurunean.

Elkarrekin egoera hori aldatzen lagun dezakegu eta, 2.0 tresna honen bitartez, aldaketa prozesu hori abiatu dugun kolektibook gure esperientzia transmititu nahi dizuegu. Era berean, gida honen bitartez, nahi duzuen jantoki eredu hori lortzen laguntzeko jarraibide, ideia eta orientabide berriak eman nahi dizkizuegu, betiere Gure Platera Gure Aukera ekimenak egindako jantokien karakterizazioak biltzen dituen printzipioen arabera.

 

GIDA SORTZEKO PROZESUA

Gure Platera Gure Aukera ekimenak, Euskal Herriko eskola-jantokiei buruzko hausnarketa kritikoa sustatu zuen 2015etik aurrera. Horretan, nagusi zen jantoki-ereduarekin konforme ez zeuden hainbat kolektibok parte hartu zuten (Guraso Elkarteak, baserritarrak, gizarte-erakundeak, sindikatuak, administrazioak). Haiek etorkizuneko jantoki horiek nolakoak izango ziren amestu eta adostu zuten (hezigarriak, osasungarriak, agroekologikoak, gertukoak, bidezkoak, parte hartzekoak eta ekonomikoki iraunkorrak) eta elkarrekin printzipio partekatu horiek defendatu zituzten. Prozesu horretatik, bada, karakterizazioa sortu zen eta hura eskaera politikoen eta abian jarri diren esperientzien oinarri bilakatu da.

Orduz geroztik, Euskal Herriko ikastetxe eta Guraso Elkarteetatik, jantokia eraldatzeko informazioa eskatzen digute etengabe. Hori dela eta, GPGAn, ikaspen kolektiboetatik ateratako informazioa eta dokumentazioa biltzea eta eskuragarri jartzea erabaki genuen.

2018. urte hasieran, lantalde bat sortu zen, EHIGEko, BIGEko, Bidezko Elikadurako eta denboraldi horretan kudeakidetza-eredua ezarri duten lau proiektu pilotuetako Guraso Elkarteetako kideez osatua. Horren helburua, ezagutzak partekatzea eta gida hau elkarrekin sortzea izan zen. Gero, irakasleen, ikasleen eta jantokiko langileen kolektiboek parte hartu ez zutela ikusita, 2019an karakterizazioa kontrastatzeko prozesu batean parte hartzera gonbidatu genituen. 2019an EAEko beste sei ikastetxe eta horien ekarpenak ere sartu ditugu gidan.

Prozesuak bizirik jarraitzen du. Eskuratzen ditugun ikaspen, praktika on eta baliabideekin gida hau aberastea da gure asmoa eta eskertuko dugu zuen esperientziatik egiten duzuen edozein ekarpen.

Ilustraciones realizadas por Nagato Ka y Laura Fernández.