Gure Platera, Gure Aukera talde motorra nortzuk osatzen duten jakin nahi duzu? Atal honetan taldea osatzen duten pertsona guztiak ezagutzeko aukera izango duzue. Gaur Alex aurkeztuko dizuegu!

Nor zara eta ze erakunde ordezkatzen duzu GPGA?

Ni Berton Bertokoa taldeko kidea naiz. Durangaldeko eskola publikoetako guraso talde bat gara. Eskola publikoetako ikasleen elikadura egokia bermatu, gure baserritarren eta arrantzaleen bizi iraupen duina, eskoletako jangeletako hezitzaileen lan baldintza egokiak, bertoko ekonomia bultzatu eta ingurumenaren zaintza dira gure helburuak.

Noiztik zarete GPGA parte?

  1. urtean sartu ginen Gure Platera, Gure Aukeran.

Zergatik parte hartzen duzue GPGAn?

Gure filosofia, gizarte batean bizi garen heinean, arazoei gizarte moduan erantzun behar diogula da. Norbanako moduan ezinezkoa da errealitatea aldatzea. Horregatik gure taldea, Durangaldeko eskola ezberdinetako gurasook osatzen dugu. Horregatik baita ere GPGAn parte hartzen dugu. Jangelen arazoa eta konponbidea ez dago bakarrik Durangaldean, Euskal Herri osoko afera bat da. Erantzuna beraz, era zabal batean eman behar da.

Nolakoak izan beharko lirateke eskola jangelak zure ustez?

Produktu freskoen usain biziaz beteriko lekuak, egin berritako janari usain goxo-goxoaz bustitako lekuak. Baserritarra goizero eskolan sartu eta bere eguneko produktu freskoak sukaldariari ematen dizkion gunea. Umeek ikasi eta desikasteko lekua, beraien esku artean duten produktu horiek ikusi, ukitu, usaindu, apurtu, murtxikatu aukera duten gunea. Hezitzaileek, umeei denboraz eta behar dituzten baliabide guztiaz irakasteko lekua. Gure herriak sukaldaritzarako duen jakituria transmititzeko gunea eta gure inguruan jaten duguna duen eragina ikusi eta ikasten den lekua izango beharko zen eskola jangela.

Ze mezu bidaliko zenioke eskola jangelak eraldatzeko bidean dauden edo egon nahi direnei?

Bizitza honetan ez dago ezer debalde. Lanak ordea bere fruituak ematen ditu. Eskoletan sukaldeak lortzen ari gara eta gero eta ikastetxe gehiago sukaldea eskatzen ari dira. Sukaldea dutenak eta bertan bertoko eta sasoiko produktuak kozinatuak izan daitezen eskolak gero eta ugariagoak dira. Aldaketa geldi ezina da, baina gero eta gehiago izan aldaketa eskatzen dugunok, are eta arinago etorriko da aldaketa.