Jan eta ikasi, eskolatik hasi eskola jantokia eraldatzeko eta osasungarri, hezigarri, hurbileko, agroekologiko eta bidezko bihurtzeko lehen pausoetarako jarraibideak, ideiak eta orientabideak biltzen dituen 2.0 gida da, Bidezko Elikadurak eta EHIGEk, proiektu pilotuen ordezkarien laguntzarekin eta Sorkinekin elkarlanean egindakoa.

Gida honako hauekin  kezkatuta dauden pertsona horiei zuzenduta dago: ikastetxeetako elikadura eta, hain zuzen, bertan haurrek eta gazteek zer jaten duten, horrekin zer ikasten ari diren eta horrek nola eragiten duen gure komunitatean eta ingurunean.

2.0 tresna honen bitartez, aldaketa prozesu hori abiatu dugun kolektibook gure esperientzia transmititu nahi dizuegu. Era berean, gida honen bitartez, nahi duzuen jantoki eredu hori lortzen laguntzeko jarraibide, ideia eta orientabide berriak eman nahi dizkizuegu, betiere Gure Platera Gure Aukera ekimenak (GPGA) egindako jantokien karakterizazioak biltzen dituen printzipioen arabera.

Jan eta ikasi, eskolatik hasi gida tresna bizia da. Ematen diren arau-aldaketetara egokituz joatea da gure asmoa, eta bereganatzen ditugun ikaskuntzekin, jardunbide egokiekin eta baliabideekin aberastea, eta zuen esperientziatik egin dezakezuen edozein ekarpen eskertuko dizuegu.