Ekainaren 25ean ospatu genuen Bergarako San Martin Eskolan “Sarea Sortzen II”  topaketa, eskola-jangelen egungo egoerari buruzko informazioa, ideiak, erronkak, aukerak eta energiak partekatzeko helburuarekin.

Goizeko 10,30etan hasi zen topaketa prentsaurreko batekin. Bertan, egungo egoera azaldu genuen eta topaketaren berri eman genuen.

Topaketari hasiera eman genion egungo egoeraren azalpenarekin. Alde batetik, lehiaketaren berri eman genuen. Oraingo honetan hiru lehiaketa desberdin atera ditu Hezkuntza sailak: sukalderik ez daukan ikastetxeena (laster aterako da behin-betiko esleipena), sukaldea dutenena (etenda dago enpresa batek helegitea ipini duelako) eta modalitate mistoa (in-situ eta garraiatua) duten 50 ikastetxeena. Janari garraiatua duten ikastetxeen behin-behineko ebazpenak argi utzi du prezio baxuena ipini duten enpresek irabazi dituztela loteak.

Ondoren, kudeaketa osagarriari buruzko informazioa eman genuen. Aurrerapausoak eman diren arren proiektu pilotuetan, elikagaien kudeaketak zintzilik jarraitzen du.

Amaitzeko, sukaldeen obrei buruzko informazioa eman genuen. Obra batzuk martxan dauden arren, Hezkuntza saila atzerapausoak ematen ari dela salatu genuen.

Ondoren, lan-taldeak abiatu ziren.

Elikagaiak 

Nutrizionistak, ekoizleak, sukaldariak, dietistak eta proiektu desberdinak dinamizatzen ari diren pertsonak osatu zuten talde hau. Egungo egoera aztertzeaz gain, ezinbestekoak diren hainbat gako identifikatu zituzten:

  • Sarea egitearen beharra disziplina askotariko kideekin.
  • Sukaldari-ekoizle harremanak indartzea. Produktuen araberako sukalde-antolaketaren beharra.
  • Ekoizleen arteko elkarlana.
  • Ikasleen parte-hartzea erabakietan.
  • Zuzendaritza alde egotea.
  • Elikadura osasungarria zer den adostea.
  • Elikadura-sistema publikoa
  • Komunikazioa landu beharra jendea engantxatzeko.

Gure platera, gure aukera ekimenaren baitan lan-talde propioa sortzeko konpromisua hartu zuten taldean parte hartu zuten lagunek.

Proiektuak 

Talde honetan ikastetxe desberdinetako gurasoek, sukaldari batek eta sindikatu bateko ordezkariak parte hartu zuten.

Hemen ere, sarean lan egitearen beharra azpimarratu zen, eskola bakoitzak bere bidea egin ez dezan.

Horretaz gain, langileekin lotutako kezkak argitzen saiatu ziren, eta familien sentsibilizazioa eta langileen formakuntza lantzearen garrantzia azpimarratu zen.

Arlo pedagogikoa 

Gure platera gure aukera ekimenarentzat, eskola-jantokia Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan sartuta egon behar den espazio bat da. Helburu horrekin, hainbat arlo landu ziren lan-talde honetan, besteak beste:

  • Jantokiko langileen formazioa.
  • Ikastetxeko gainerako irakasleen inplikazioa.
  • Ikasleen parte-hartzea.
  • Espazio egokiak izatea, atseginak eta zaratarik gabeak, besteak beste.

Sukaldeak 

Talde honetan, sukaldea egitea eskatu duten ikastetxeen egoera aztertu zen, eta datorren ikasturterako bide-orria adostu zen.

Amaitzeko, berriro talde handian bildu ginen, ezagutzak partekatzeko. Eta ondoren, bazkari goxoaz gozatu genuen eskolako patioan.

Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei eta laster arte!