Maniobratzeko dugun marjina baldintzatuta dago; izan ere, catering enpresa gutxi batzuek  ikastetxe gehienak kontrolatzen dituzte. Alabaina, ikastetxeek ez dute hori aukeratu; aitzitik, egoera hori, 2000. urtean Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoetako jantokien funtzionamendua eta kudeaketa arautu izanaren ondorio da. Hala, zerbitzua orokortzeko eta antolaketa egituraren eta kostuen heterogeneotasuna ezabatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak kudeaketa zentralizatu zuen. Hala, itunpeko ikastetxe pribatu gehienek ere ikastetxe publikoetako zerbitzuekin parekatu zituzten beren zerbitzuak, arauak hori egitera derrigortzen ez zituen arren.

Horri, bada, kudeaketa zuzeneko eredua esaten zaio. Eredu horretan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila urruneko eragilea da, egunerokoan ez dagoena baina zerbitzua kontratatzeaz arduratzen dena, lizitazio bakar baten bitartez, eta kontratazio espedienteak bideratzen dituena. Behin kontratua esleituta, ikastetxea enpresari ordaintzeaz eta familiei kuotak kobratzeaz besterik ez da arduratzen. Gaur arte, zazpi enpresari eman izan zaie zerbitzu hori, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen baldintzak enpresa handiek betetzen baitituzte bakarrik.

Hala, kudeaketa zuzeneko ereduen ondorio nagusietako bat da ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeari utzi izana. Izan ere, hiru ikastetxetik bik ez dute sukalderik eta, jakina, horrek erabat baldintzatzen ditu egin ditzakegun ekintzak. Horregatik, ondoko jarraibideak aukera bi horien arabera banatu ditugu. Egin klik dagokizuen horretan.

Eskola jantokien gaur egungo ARAUDIA hobeto ezagutzeko, ikus Araudia atala.

Kudeaketa zuzenak inpaktu negatiboak ditu honako arlo hauetan:

  • Osasuna. Egiaztatu ahal izan dugunez, gaur egungo menuak ez dira oso egokiak nutrizio eta kalitate ikuspegietatik. Horrek, jakina, osasunean eragiten du modu negatiboan. Izan ere, menuak prestatzeko elikagai fresko gutxi, elikagai ekologiko bat ere ez eta koipe kaltegarri, azukre, gehigarri kimiko eta prozesatu asko erabiltzen dituzte. Maiz, familiak elikadura segurtasunaz kezkatzen dira eta ez dira konturatzen horrelako menu batek osasunean dituen ondorioez, epe ertain eta luzean.
  • Hezkuntza komunitatearen inplikazioa. Hark, maiz, eguneroko bizikidetza eta ikasketa arazoez arduratzen da eta oso denbora gutxi du. Hala, hezkuntza komunitateak eta batez ere familiek ez dute arazoaren konplexutasuna ezagutzen, ezta kudeaketa eredu horrek haur eta gazteengan dituen ondorioak ere. Beste batzuetan, zailtasun sentsazio bat sortzen da eta arazoa konponezina dirudi.
  • Hezkuntza komunitatearen erabakitzeko eskubidea edo ahalmena. Eredu horretan, dagokigun enpresa gustatzen ez bazaigu ere, ez dago hori aukeratzeko edo aldatzeko aukerarik eta, gainera, oso informazio gutxi ematen da. Ondorioz, jantokiaren inguruan eragiteko ahalmena galtzen ari gara. Partaidetza-kultura falta eta eragileen artean zeharka eta elkarrekin lan egiteko ohitura ez edukitzeak zailago egiten dute ikastetxean aldaketak egitea.
  • Hezkuntza. Eskola jantokia zerbitzu gehigarritzat hartzen da. Horretan, ikasleek jatea eta modu “egokian” portatzea da lehentasuna. Hala, jantokia ikastetxearen hezkuntza-proiektutik kanpo dago eta elikadura modu osatugabe batean lantzen da curriculumean, gizarte, kultura edo ingurumen gaiekin lotu gabe. Horrek, bada, kalte egiten dio bere kalitateari.
  • Zerbitzua. Bazkalordua estres eta gatazkako momentu bat da ikasleentzat eta bertako langileentzat. Izan ere, momentu horrek urduritasuna sortzen du, bai ikasle/langile ratio altuengatik, bai ematen zaion denboragatik, bai tokiagatik eta bai zaratagatik. Horren ondorioz, haurrek eta gazteek ezin izaten dute janariarekiko harreman lasai eta onuragarri bat garatu.
  • Jantokiko langileak. Langile gehienak catering enpresen bitartez azpikontratatuta daude eta lan baldintza prekarioak dituzte. Hortaz, lan baldintza eskasagoak dituzte. Era berean, beren betekizunak gutxiesten dituzte eta, hala, begiraleak ez dira behar bezala aintzat hartzen. Horren ondorioz, ez zaie beren funtzio pedagogikoa burutzeko behar duten trebakuntza ematen.
  • Genero-desparekotasunak. Eredu hori hezkuntza konpartimentatu batean oinarritzen da, ikastetxeetan kategoria bereiziak eta hierarkizatuak sustatzen dituena. Femeninotzat hartzen den lanak (batez ere emakumeek egiten dutelako edo erreprodukzio-lanekin lotuta dagoelako) gutxiago balio du. Hala, genero-desparekotasunak sustatzen dira.
  • Aberastasunaren banaketa. Oligopolio bat sortu da, non zazpi enpresa horiek merkatua banatzen duten, konkurrentzian eraginez eta guztion interesak kaltetuz. Inoiz, iruzurra ere egin izan dute, prezioak elkarren artean adostuz. Enpresa horiek, gainera, logika bera duten multinazionalen produktuak (CocaCola, Danone, Nestlé, Kraft, etab.) erabiltzen dituzte gehienetan.
  • Ingurumena. Kontsumitzen diren elikagai gehienak nekazaritza eta abeltzaintza industrialetik datoz, milaka kilometro garraiatzen dira, modu mekanikoan prozesatzen dira, ontzi eta enbalaje asko erabiltzen dituzte, etab. Hortaz, energia asko kontsumitzen dute, batez ere, erregai fosilak eta baliabide naturalak, eta ondorio oso larriak sortzen dituzte, besteak beste, klima aldaketa, azaleko eta lurpeko ura kutsatzea, lurren higadura eta bioaniztasuna hondatzea.
  • Tokiko ekonomia. Elikagai gehienak ez dira hurbilekoak; aitzitik, handizkako merkataritzaren bitartez eskuratzen dituzte. Horrek lehen sektorea eta tokiko denda txikiak desagertzea dakar eta landa eremuetako enplegua eta aukerak suntsitzen ditu.
  • Kultura. Landa eremua eta elikagaien tokiko ekoizpena desagertzen ari dira eta haurrek ez dituzte ezagutzen elikagaien jatorria, horiek nola ekoizten eta eraldatzen diren eta bertako errezetak nola prestatzen diren. Horrek guztiak, bada, kalte handia egiten dio gure kulturari.
  • Beste herrialde batzuk. Gure dietaren zati handi bat oso urrun ekoizten da, agronegozio ereduen arabera. Eredu horiek lurralde horietako biztanleak beren lurraldeetatik kanporatzen eta esplotatzen dituzte eta ingurumena eta baliabideak hondatzen dituzte.
  • Gure komunitatea. Familiak, ikastetxeko langileak, baserritarrak, okina edo harakina eta abar tartean sartzen dituen prozesu hori enpresa baten eskuetan uztean komunitatea kaltetzen da. Izan ere, komunitatea da antolatzeko, elkarlanean aritzeko eta guztion ongiaren alde erabakitzeko gaitasuna ematen diguten konfiantzazko eta hurbiltasunezko harremanen oinarria.

Araudiak baldintzatu egiten gaitu, baina horrek ez du esan nahi dena galduta dagoenik. Izan ere, gizarte zibilak urteak eman ditu mobilizatzen, POLITIKAN ERAGITEN eta aurrerapausoak egiten beste jantoki eredu bat lortzeko helburuz. Horri esker, gaur egun, salbuespenak ditugu; hau da, inposizio horri aurre egin dioten eskola komunitateak. Larrabetzuko eskola publikoak esaterako, autogestio ereduaren alde egin zuen. Horrez gain, Gernikako, Markinako, Laukarizko eta Urduñako lau ikastetxe publikoen kasua dugu. Izan ere, jendearen presioaren aurrean Eusko Jaurlaritzak egindako onarpen txikia eta Eusko Legebiltzarrak onartutako Legez Besteko Proposamena (LBP) baliatuz, lau ikastetxe horiek jantokien kudeakidetza eredu desberdinak sortzeko proiektu pilotuak (PP) martxan jarri zituzten

Hezkuntza komunitateek egindako lan horrek guztiak eta esperientzia horiek erakusten digutenez, partaidetzako kudeaketa ereduen bitartez lor dezakegu Euskadiko eskola jantokiak bidezkoak, hezigarriak, osasungarriak, agroekologikoak eta hurbilekoak izatea. Aldi berean, egiten dugun salaketa eta kontzientziazio lanari esker gero eta babes gehiago dugu eta aurrera egiten ari gara politika publikoak aldatzeko bidean.

Hala, erabat ziur gaude guztion artean aldaketak lortuko ditugula epe laburrean, arauen esparruan edo gizarte zibilak bultzatutako ekimen eta proposamenen esparruan. Gida hau helburu horrekin garatu dugu, ereduz aldatzen eta aurrerapauso txiki handi horiek ematen lagunduko digun tresna malgu gisa.

Ezinbestekoak

Prozesuaren hasieratik zaindu beharreko hiru alderdi daude. Horiek, bada, ezinbestekoak dira gure helburuak lortzeko:

Hala, kudeaketa zuzeneko ereduen ondorio nagusietako bat da ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeari utzi izana. Izan ere, hiru ikastetxetik bik ez dute sukalderik eta, jakina, horrek erabat baldintzatzen ditu egin ditzakegun ekintzak. Horregatik, ondoko jarraibideak aukera bi horien arabera banatu ditugu. Egin klik dagokizuen horretan.