Zuen ikastetxean sukalderik ez badago ez larritu, beste aukera batzuk azter ditzakegu. Gaur egungo araudiak, orokorrean, ez ditu aukera horiek onartzen, baina Administrazioari alternatibak aurkezte aldera funtsezkoa da horiek aztertzen hastea eta proposatzea, politikan eragiteko estrategien bitartez.

Hala, zein alternatibaren alde egingo dugun erabakitzeko, ezinbestekoa da eztabaida eta hausnarketa prozesu partizipatibo bat abiatzea, parte hartzeari buruzko atalean azaltzen dugun bezala. Prozesu horretan ikastetxearen, lurraldearen eta tokiko komunitatearen egoera kontuan hartu beharko dugu eta, noski, kontuan hartu beharko duzue zuen proposamenak GPGA ekimenak egindako jantokien karakterizazioa nola islatuko duen.

Jarraian, martxan jarritako zenbait ekimen aurkeztuko dugu. Hala, beste lurralde batzuetan egin diren ekimen batzuk ere aurkeztuko ditugu, hemen ere egin daitezkeenak. Kontuan hartu, hala ere, beste lurralde horietako araudia desberdina dela.

Ikastetxe berri baten eraikuntza edo ikastetxea birmoldatzeko edo handitzeko lanak aukera bat izan daitezke sukaldea mantentzea edo berri bat egitea eskatzeko. Gure rola funtsezkoa izan daiteke horretan, mobilizatzen ez bagara joera office bat eraikitzekoa izango baita. Officea, izatez, kanpotik datorren janaria kudeatzeko ekipamendua da (hotzean gordetzeko, janari prestatuei azken ukitua emateko…), baina bertan ezin da janaria prestatu. Hala ere, bi elementu hauek kontuan hartu beharko ditugu:

  • Batzuetan, ordea, aukera hau ez da posible, ikastetxe batzuek ez baitute sukalde bat eraikitzeko behar beste espazio. Kasu horretan, beraz, beherago aurkezten dugun beste aukeretariko bat kontuan hartu beharko dugu.
  • Hori posible bada ere, gerta daiteke proiektua ordaindu behar duten administrazio publikoek horren aurka egotea. Era berean, gerta daiteke hezkuntza erkidegoak berak proposamena ez ulertzea. Zentzu horretan, beraz, aldez aurretik parte hartzea sustatzeari, komunitatea sentsibilizatzeari eta politikan eragiteari eskainitako denbora erabakigarria izan daiteke gure helburuak lortzeko.

Honako hauek dira eman ditzakegun pauso espezifikoak:

  1. Eusko Jaurlaritzari office baten ordez sukalde bat eraikitzea eskatzea. Hemen adibide bat aurkituko duzue, baita hori osatzeko urratsak ere.
  2. Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako ikastetxea bada, udalarekin ere eztabaidatu beharko duzue, bera baita ikastetxearen eraikuntza finantzatzen duena (bigarren hezkuntzako ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu).
  3. Sukalde bat eraikitzea proposatzen duen bideragarritasun proiektu bat egin dezakegu. Hemen aurkituko duzue proiektuak izan dezakeen zenbait puntu (enlazar). Gainera, EHIGErekin jar zaitezkete harremanetan, beste ikastetxe batzuetan aurkeztutako proiektuak eskuratu ahal izateko.

Sukalde zentralak (G) kolektiboentzako menuak egiteko eta horiek beste leku batzuetara banatzeko erabiltzen dira. Udalerri batzuek sukalde zentral publikoak dituzte honako kolektibo hauei zerbitzua emateko: egoitzak, eguneko zentroak, ospitaleak, etab. Hortaz, ikastetxea hornitzeko aukera dagoen azter dezakegu. Horretarako, sukalde publiko hori kudeatzen duen instituzioarekin (udalarekin, mankomunitatearekin…) harremanetan jarri eta gure proiektua kontatuko diegu. Hala, zerbitzu horrek ikastetxea hornitzeko aukera duen aztertuko dugu.

Aukera hori garatu nahi izatekotan, honako hauek dira kontuan hartu beharreko elementuak:

  • Ikastetxea hornitzeko ahalmena izatea. Tamaina, ordutegiak, ekipamenduak, etab.
  • Janaria ikastetxera helarazteko ahalmena izatea.
  • Zenbait irizpide betetzea espero badugu (jatorria, elikagai motak, janaria prestatzeko moduak, etab.) baina oraindik ez baditu betetzen, horiek ekartzen dituzten abantailez konbentzitu beharko dugu. Gainera, kolektibo eta pertsona hornitzaileak bilatu beharko ditugu, ikastetxeak sukaldea izango balu bezala.
  • Era berean, nutrizio eta elikagaien kalitate irizpideak adostu beharko ditugu, baita ikastetxe batek behar dituen menu mota guztiak eskaini ahal izatea, berezko sukalde batekin egingo lukeen moduan .

Hala, Urduñakoa dugu aukera horren alde egin duen ikastetxe baten adibide. Bertan udaleko sukalde instituzionala sukalde zentral bihurtzeko beharrezkoak ziren aldaketak egin zituzten instalazioetan. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Osasun Sailek aukera hori onar zezaten egin behar izan zuten prozesua neketsua izan zen, baina, azkenik, 2018/2019 ikasturtean, sukalde zentral publikoa ikastetxea hornitzen hasi da.

Sukalde zentralik ez balego, horrelako bat eraikitzea proposa genezake, zenbait ikastetxe edo instituzio hornitzeko (egoitzak, etab.). Prozedura ikastetxean sukalde bat eraikitzeko prozeduraren antzekoa izango litzateke, baina beste alderdi hauek ere hartu beharko genituzke kontuan:

  • Bideragarritasun proiektuak askoz zabalagoa izan beharko luke eta sukalde horrek hornituko lituzkeen leku guztietako eragileak koordinatzea eskatuko luke.
  • Higiene eta osasun legeak desberdinak dira in situ sukalde baterako eta sukalde zentral baterako. Azken horrek, bada, neurri zorrotzagoak bete behar ditu eta elikagaien banaketa kontuan hartu beharko du.

Frantziako Isère eskualdeko ikastetxeak modu horretan antolatu dira. Hemen aurkituko duzu horri buruzko informazio gehiago.

Honako aukera hauek ditugu:

  • Sukaldea duen beste ikastetxe batekin negoziatzea horrek bion beharrak ase ditzan, horretarako ahalmena badu. Kontuan hartu behar dugu langileen kudeaketa eta osasun alderdiak negoziatu beharko ditugula. Katalunian horrelako kasu bat izan da. 2018/2019 ikasturtetik, 7Itria enpresak kudeatzen duen Comtes Lacambra eskolak beste ikastetxe batentzat ere prestatzen du janaria; Masies de Voltregà herrian dagoen El Despujol eskolarentzat, hain zuzen ere.
  • Ikastetxea zenbait eraikinez osatuta badago eta horietako batek sukaldea badu, hori erabil dezakegu gainontzekoak hornitzeko. Hori ere Katalunian gertatu da. Hain zuzen, Torellóko Dr. Fortià Solà eskolak sukaldea du lehen hezkuntzako eraikinean eta horrek errepidearen beste aldean dagoen haur hezkuntzako eraikina ere hornitzen du.

Gaur egun, ikasle gutxi duten landa eremuko ikastetxeetan ematen den aukera bat da hori. Horietan jantokia hurbil dago eta ibilbidea txikia da. Egoera hori Gipuzkoako Gabiria eta Zerain herrietako ikastetxeetan ikus dezakegu, bestak beste.

  • Administrazio publikoen kontratazio baldintzak aldatzea proposa genezake, enpresa txiki eta ertainei sartzeko aukera emanez eta gizarte eta ingurumen irizpideak txertatuz. Kantabrian, adibidez, guraso elkarteen eta ikastetxeen mobilizazioari esker, ikastetxeek catering enpresa hautatzeko aukera izatea lortu zen. Horretarako, ikastetxeek enpresak kontratatzeko erabiliko diren baldintza teknikoen agiriak egiten dituzte. Cisneroseko eskola publikoak egindako agiriak, adibidez, gizarte eta ingurumen irizpideak txertatzen ditu enpresak kontratatzeko.
  • Cateringarekin negoziatzea horrek zerbitzua hobe dezan (janariaren portzentaje jakin bat agroekologikoa izatea). Hori Madrileko Fresnedillas de la Oliva herriko San Bartolomé eskolan gertatu da. David, Goliat y las zanahorias agroecológicas (David, Goliat eta azenario agroekologikoak) dokumentuan, prozesuaren nondik norakoak azaltzen dituzte.