Gure Platera, Gure Aukera talde motorra nortzuk osatzen duten jakin nahi duzu? Atal honetan taldea osatzen duten pertsona guztiak ezagutzeko aukera izango duzue. Gaur Emilio aurkeztuko dizuegu!

  • Nor zara eta ze erakunderen ordezkaria zara GPGAn?

Emilio Duprat naiz ta Mendialdea IPI-ko Guraso Elkarte ordezkari bezala nago Gure Platera, Gure Aukeran.

  • Noiztik zarete GPGAren parte?

Orain dela 7 urte edo hasi ginen harremanetan. Mendialdean orokorrean eta Mendialdea IPIko Guraso Elkarteak partikularki urteak daramatzagu gure jantoki eredua aldatzeko nahian.

  • Zergatik parte hartzen duzue GPGAn?

Aspalditik daukagun inposatutako jantoki ereduarekin bat ez gatozelako eta hobetzeko aukera dagoela uste dugu eta. Gure ikastetxeetako sukaldeetan 2000. urterarte bertako produktuekin edota bertako dendetako produktuekin sukaldatzen zen eta hauxe berreskuratu nahi dugu. Baita jantokitik jangelaranzko prozesu bat abiatu nahi dugu, hau da, bazkal orduak hezitzaileagoak izatea nahi dugu.

  • Nolakoak izan beharko lirateke zure ustez eskola-jantokiak?

Eskola komunitateak aukeratuak, hezitzaileak, eredugarriak, gertuko ta sasoiko produktuak erabiltzen dituzten eskola-jantokiak behar ditugu. Jangela eskola proiektuan egon behar dela uste dugu, begiraleen lanari, formazioari eta funtzioei garrantzi handiagoa eman behar zaizkiela uste dugu.

Horretaz gain, gure sukaldetan berriro ere bertako produktuak eta bertako komertzioetan erositako elikagaiak erabili behar direla uste dugu. Azken finean, gure ingurumena, ekoizle, dendari, seme-alaba eta eskualdeagatik gertuago dagoen eskola- jantokia behar dugu.

  • Ze mezu bidaliko zenioke eskola-jantokiak eraldatzeko bidean dauden edo egon nahi direnei?

Eskola-jantokiak eraldatzera animatuko nituzke gure seme alabek, gure ekoizleek, gure komertzio eta gure ingurumena merezi dutelako. Jantoki eredua aldatu dezagun!