Erandioko Altzaga ikastola publikoa da 2000. urtean kudeaketa zuzenera ez pasatzea erabaki zuen ikastetxetako bat. Euren esperientzia ezagutu nahi izan dugu. Hemen duzue kontatu digutena.
1) Noiztik kudeatzen du IGEak ikastetxeko jantokia?
Ikastola sortu zenetik, hasieran koperatiba bat zen eta 1994an sare publikora pasatzeko erabakia hartu zen.
2) Nola kudeatzen duzue jantokia?
Kudeaketa egiteko empresa bat kontratatzen dugu, honek jantokiko langileen kontratazioak egiten ditu: sukalde-burua, jantokiko koordinatzailea, laguntzaileak, service, begiraleak eta administrazioko langilea.
Bi talde egin ditugu, sukaldeko taldea (sukalde-burua, 2 laguntzaile eta 8 pertsona service-ean) eta koordinatzailea duen jantokiko begiraleen taldea. Sukalde-burua eta koordinatzailea ados jartzen dira lana era egokian burutu ahal izateko. Administrazioko langileak jantokiko ordainketak, hornitzaileak etab. kudeatzen ditu.
IGEak eta jantokiko batzordeak lanpostu bakoitzean burutzen diren zereginak berrikusten dituzte beharrezkoa denean aldaketak proposatuz eta zerbitzua hobetzeko helburuarekin.
Ikastetxe publikoa denez mantentze lanak Udalak egiten ditu eta ekipamendua IGEak kudeatzen du.
3) Nola kudeatzen da ekonomikoki jantokia? Kontratazioak egiten dituzue?
Kontratazioak GASCAk egiten ditu. Administrazioko langilea familiei kuota kobratzeaz eta hornitzaileei ordaintzeaz arduratzen da.
4) Jantokiko batzordea badago? Zeintzuk dira bere funtzioak?
Bai, jantokiko batzordea dugu, 16/17 ikasturtean sartu garen 3 pertsona gaude.
Koordinatzaile, sukalde-buru, administrazioa zein ikastetxeko familietatik jasotzen ditugun eskaerak erantzuten ditugu, adibidez: hobekuntzak, gatazkak, menuari buruzko kezkak…
5) Zer iritzi dute familiek jantokiaren kudeaketari buruz?
Iritzi positiboa dutela uste dugu. Ikasturte honetan aldaketa batzuk egin ditugu, eta hasieran kostatu zaigun arren badirudi ikasleek asimilatu egin dutela. Aurreko urtetan jan nahi ez zituzten elikagai batzuk jatera ohitu dira ikasleak, hori lortzeko sukaldarien laguntzaz plater bereziak prestatu dira.
6) IGE bezala zeintzuk dira zuen zailtasun nagusienak?
Ordaindu ez diren kuotak kobratzea, familiek gutxi parte-hartzea eta jantokian dauden langile guztiak ondo koordinatzea.
7) Jantokiko begiraleek jarduera pedagogikorik egiten dute? Formaziorik jasotzen dute?
Orain arte begiraleek katering enpresaren formakuntza jaso izan dute. Begiraleak ikasleen hezkuntzan parte hartzea sustatzeko eta inplikatzeko prozesuan gaude, bai jangelan bai patioan. Begiraleak kontratatzen dituen enpresak kudeatu behar du gai hau, kasu honetan Gascak.
8) Zer eskatuko zeniokete administrazioari zuen jantokia hobetzeko?
– Begiraleek eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko diru-laguntza eta formakuntza.
– Laguntza beken kudeaketan zorrak dituzten familien tasak kobratzea bermatzeko (ikastetxeak beka kobratzeko derrigortasuna).
– Kanpoko enpresak kontratatu gabe eskola-jangela kudeatu ahal izateko logistika laguntza.