Ikasturte honetan zehar Kanariar Uharteetako Gobernuak abiatutako “Ecocomedores” esperientzia sakonean ezagutzeko aukera izan dugu. Egitasmo honen helburua da produktu ekologiko, fresko, tokiko eta garaikoak sartzea ikastetxe eta gizarte- eta osasun- arloko jantokietan.

Maiatzean La Lagunan (Tenerife) izan ginen “Ecocomedores: inspiración para un debate más amplio” izeneko mintegi formatiboan. Bertan beste erkidego batzuetako esperientziak ezagutu genituen. Horretaz gain, elikadura osasuntsua, osasunerako eta jasangarritasunerako hezkuntza, komertzializazio kanal laburrak, produktu ekologikoak eta garaikoak, bidezko merkataritza eta ekonomia sozial eta solidarioaren irizpideetan oinarritutako jantoki-zerbitzu baten kontratazioa egiteko oinarriak aztertu genituen.

Esperientzia hau martxan jarri zuen aurreneko ikastetxea bisitatu genuen, baita talde-salmenta postu bat, haztegi ekologikoa, kooperatiba eta hainbat ikastetxe hornitzen dituen lursail ekologikoa ere.

Maiatzean Iruña eta Durangora etorri zen Margarita Hernández, programaren arduraduna, “Jakintzak, zaporeak eta nekazal garapena eskolako platerean” eta “Oinak lurrean” jardunaldien baitan. Bere bisita aprobetxatu genuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin biltzeko, eta elkarrekin lan egiteko asmoa erakutsi zuten.

51 eskola-jantoki

500 ikastetxe publiko daude Kanariar Uharteetan, EAE-n bezala. Horietatik 153n ikastetxeak berak kudeatzen ditu jantokiak eta zuzendaritza-taldeak erabakitzen du zer eta non erosi. Sukalde eta jantokiko langile guztiak Hezkuntza sailarenak dira eta familiek 3,30 euro ordaintzen dute bataz beste menuko.

Hauetatik 43k “Ecocomedores” egitasmoan parte hartzen dute. Horietaz gain beste hiru ikastetxe pribatu daude programan, baita haur-eskola bat eta hiru nekazal eskola ere. 10.607 jankide eta 101 ekoizle dira guztira. Ikastetxe guzti hauek harreman zuzena dute bertako ekoizle ekologikoekin programaren web gunean dagoen aplikazio bati esker. Ekoizleek ere ba dute eskaerak bideratzeko aukera web gunean.

2013/2014 ikasturtean abiatu zen esperientzia proiektu pilotu banarekin irlako eta gaur egun hazten ari da lau lan-talderen inguruan: ekoizpena, elikadura, sentsibilizazioa eta komunikazioa. Hainbat dokumentu egin dituzte, horien artean hauek: laborantza planifikatzeko tresna, 100 jankideko kontsumoaren estimazioa, ekoizpen, banaketa eta fakturazio kostuak kalkulatzeko irizpideak eta hezkuntza arloa lantzeko proposamena.

Elkarlanean aritzen dira ere La Lagunako Unibertsitatearekin hainbat proiektuetan: familien pertzepzioa ezagutzeko ikerketa, menua ebaluatzeko app bat eta baldintza-agirien inguruko lan bat, besteak beste.

Hauek dira etorkizunerako erronkak: aliantza berriak sortu, sektore publikoko kontratazioen 9/2017 Legera egokitu, bilketa eta salmenta taldeentzako plataformak eta erosketa-zentrala sortu, eta beste jantoki eta gune turistikoetara (hotelak) iritsi.

Irailean ospatuko da egitasmoaren hirugarren topaketa El Hierro irlan.

Info +:

*Programa Ecocomedores Canarias

*Seminario “Ecocomedores: inspiración para un debate más amplio”

*Vídeo del seminario

*”Oinak lurrean”

*”Encuentro Internacional de Comedores Escolares y Soberanía Alimentaria”

 

[unitegallery canar]