Leitzako Erleta eta Beteluko Araxes eskualde-eskoletako jangela-eredua ezagutzeko aukera izan dugu, udal-kudeaketa oinarri dutenak 58/2024 Nafarroako foru dekretuak ahalbidetuta. Dekretu eta kudeaketa aldaketaren berri izan dugu bertako hezkuntza komunitateko kideen eskutik eta bertako menu ekologikoa eskaini eta hezkuntza proiektua indartzea posible dela erakutsi digute.

Jangelen udal-kudeaketa

Jantokiko erabileran beherakada handia nabaritu zutenean, eskolako ordutegi eta jantoki zerbitzuaren ezaugarriengatik (menuen kalitatea eta prezioa, besteak beste), bestelako araudi-marko bat lantzeko interesa piztu zen Leitza aldean eta jantokiaren kudeaketa Hezkuntza departamendutik herri mailara jaisteko aukera lantzen hasi ziren.

Kantabriako eredua oinarri izan zuten lanketa hau abiatzeko. Orain dela bi urte atera zen foru dekretu berria baliatuz, Hezkuntza departamentuarekin hitzarmena egin eta udal-kudeaketa oinarri duen jangela proiektuak garatu dituzte Leitza eta Betelun.

Egungo funtzionamendua

Gaur egun, ordezkaritza publiko-komunitario bat oinarri duen kudeaketa eredu bat dago martxan herri bakoitzean. Leitzan jangela-mahai batek kudeatzen du jangela.  Udalak, irakasleek, familiek langileek eta  Zaindu Leitzaldea irabazi asmorik gabeko elkarteak osatzen dute lan-talde hau. Mahai hau arduratzen da elikagaiak erosteaz, langileak kontratatzeaz, menuak diseinatzeaz eta ikastetxean bertan janaria prestatzeaz. Betelun, Udalaren eta guraso elkartearen artean egiten da kudeaketa.

Hainbat erosketa bi ikastetxeen artean egiten dira, eta nutrizionista bera dute. Erosketak herriko ekoizle, denda eta Ekoalderen bitartez egiten dira eta aldaketa nabarmena izan da. Betelu Araxes eskualde eskolan, esaterako,  bazkaltiar kopuruaren gorakada somatzen hasi dira.

Esperientzia hau ezagutzeko aukera egongo da Bergaran urtarrilaren 31an egingo dugun jardunaldian.

 

Info +

Leitza eta Araitz Beteluko eskola jantokiak (Argia)

https://www.navarra.es/eu/-/prentsa-oharra/hezkuntzak-leitza-betelu-eta-araizko-udalekin-sinatu-ditu-2025-2026-ikasturtetik-aurrera-eskola-jantokiak-kudeatzeko-aukera-emango-dieten-hitzarmenak