Hezkuntza Sailak, 2026ko uztailaren 27ko Agindu berriaren bidez, garraiatutako ikasleek jangelako menuan zuten 1,30 euroko hobaria ezabatzea erabaki du. Neurri hori 2026ko irailaren 1etik dago indarrean, eta familia askoren gain kostu ekonomiko zuzena izango du.
Hobaria kentzeak esan nahi du garraiatutako ikasleen familiek eguneko 3,30 eurotik 4,60 eurora igaroko direla. 175 eguneko ikasturte batean, horrek 227,50 euro gehiago urtean eta haur bakoitzeko suposa dezake. Hau da, jangelaren kostua %40 inguru handitzea.
Garraioa eta jangela: lotutako bi zerbitzu
Ezin dugu ahaztu garraiatutako ikasleek ez dutela, oro har, eguerdian etxera itzultzeko garraiorik. Ikastetxean geratzen dira bazkaltzen, eta, beraz, jangela ez da familia horientzat aukera hutsa: eskola-garraioaren eta eskola-antolaketaren ondorio zuzena da.
Horregatik, ez dugu bidezkoa ikusten garraiatutako ikasleen familiei jangela erabiltzeagatik kostu handiagoa ezartzea, eskolan bazkaltzea hezkuntza-sistemaren beraren antolaketarekin lotuta dagoenean.
Gainera, hobari hau ez zegoen familien egoera ekonomikoari lotuta. Horretarako daude jangelako bekak. Hobariak beste errealitate bati erantzuten zion: bizilekuaren eta ikastetxearen arteko distantziari eta eskola-garraioaren antolaketari. Ez dira gauza bera, eta ezin dira nahastu.
Egoera bereziki zaurgarriak dituzten ikasleak ere bai
Neurri honek eragin berezia izan dezake hezkuntza-premia bereziak edo mugikortasun murriztu iraunkorra dituzten ikasleengan. Aurreko araudiak ikasle horien errealitatea kontuan hartzen zuen eta baldintza espezifikoak jasotzen zituen. Hobariak kentzeak zuzeneko eragina du familiek bere gain hartu behar duten gastuan.
Hezkuntza Sailari azalpenak eta atzera egitea eskatzen dizkiogu
Agindu berriak ez du argitzen zergatik ezabatu den hobari hori. Hezkuntza Sailak azalpen argiak eman behar dizkie familiei eta hezkuntza-komunitateari.
Ikastetxeko jangela ez da negozio bat. Ikasleen elikadura eta zaintza bermatzeko hezkuntza-zerbitzu bat da, eta horren kudeaketan familien eta ikasleen beharrei eman behar zaie lehentasuna.
Gure Platera Gure Aukeratik garbi diogu: garraiatutako ikasleen jangelako hobaria mantendu egin behar da. Ez dugu onartzen hezkuntza-sistemaren antolaketak eragindako egoera baten kostua familiei gehiago ordainaraziz konpontzea.
Hezkuntza Sailari eskatzen diogu neurri hau atzera botatzea, hobaria berriro ezartzeko eta erabaki hori hartzeko arrazoiak modu gardenean azaltzea. Garraioa, jangela eta familien eskubideak lotuta daude. Ez dadila beste behin ere familien gain jarri sistemaren kostua.
