Bergarako San Martin ikastetxeko, Guraso Elkarteko eta Ereindajaneko ordezkariak Hezkuntza Saileko ordezkariekin bildu dira Eusko Jaurlaritzan, ikastetxe publikoan jangela eredua aldatzeko proiektua aztertu eta aukera posibleen inguruan jarduteko.
Proiektua duela lauzpabost urtetik dago garatuta, baina orain aurkeztu eta azaldu dute Jaurlaritzan. Bergarako Ereindajanek eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko proiektuaren bultzada izan dute.
Helburua tokiko eta sasoiko produktuz osatuko den menu bat eskaintzea da, elikadura osasuntsua eta eskola komunitatearen parte-hartzea sustatuz. “Aztertu dugu zein produktu eta nola eskuratu daitezkeen bailaran bertan, eta eskuratu ezin diren horiek nondik ekarri ahalko liratekeen, ahalik eta gertuenetik izan behar dela kontutan izanik”, azaldu du Ereindajaneko Ainhoa Narbaizak.
Hainbat urteetako lanaren ostean, pozik agertu dira San Martingo eta Ereindajaneko kideak Hezkuntza saileko ordezkariekin egindako bileratik, izan ere, 2000. urteko araudian jasotzen den jangelen kudeaketa zuzenaz gaindi, beste eredu bat martxan jarri ahal izateko lanean dihardutela jakinarazi diete. Gainera, zailtasun administratiboak lantzen jarraitzeko konpromisoa adierazi dute jaurlaritzako ordezkariek.
Bilera honi begira, tokiko hainbat eragile eta erakunderekin babes eta atxikimenduak landu direla adierazi dute San Martin eskolako eta Ereindajaneko ordezkariek: tartean, eskolako kontseilua, Debagoiena2030, Bergarako udala, Deba Garaia Landagarapen elkartea etab. “Proiektuak aurrera egiteko, elkarlanerako oinarriak lantzen jarraitzea garrantzitsua izango da”.