Goierriko eskualdeko ekoizleen eta herritarren arteko zubia izan nahi duen topalekua eta elikadura eredu, burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean akuilu izan nahi du Biziola sareak, eta horretarako Lazkaon kokatu duten denda komunitarioa zabaldu du. Irekiera ekitaldian eskualdeko, ekoizle, bazkide, eragile eta herritar ugari bildu ziren.
Kooperatiba 370 bazkidek osatu dute, eratze eta antolatze prozesu luzearen ondoren. Oraingoz, Biziola dendan eskuratu ahal izango dira jakiak. Guztira, 60 hornitzailerekin hornituko dute denda, hasieran. Horietatik 22 Goierriko ekoizleak dira: barazkiak, ogiak, esnekiak, eztia, txekor haragia, fruta… eramango dute Biziolara. Denera, oraingoz 200 produktu erreferentzia dauzkate. XXI. mendera egokitutako azoka da, azken batean; denda ere halaxe atondu eta diseinatu dute, plazako merkatua bailitzan.
“Helburu nagusia inguruko ekoizleak zaintzea da, eta dendara geroz eta gehiago ekartzea. Lantzen ari gara arlo hori, eta eskualdeko ekoizle gehiagok hornitzea nahi dugu”, azaldu du dendako kide batek.
Komunitatea sortzeren garrantzia ere azpimarratu zen dendaren irekiera ekitaldian. “Bizitzaren aldeko herritarren komunitatea da. Goierri burujabeagoa, iraunkorragoa, orekatuagoa izateko pausoak eman nahi ditu Biziola dendak. Eta hori komunitateari esker izango da, aldi berean”, azaldu du Amaia Aierbek.
Zorionak eta zorte on bidaia berri honetan!
Argazkia: Aimar Maiz, Goierriko Hitza