Biolur elkarteak baratzezaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketa integrala eta objektiboa landu du azkeneko bi urteetan. Duina proiektua deitu diote eta bertan Gipuzkoako eta Bizkaiko 11 baratza proiektuen azterketa egin dute. Laboreen ekoizpen kostuak, soldatak, lan orduak, prezio duinak, eta oro har, nekazaritza proiektuen duintasun ekonomiko eta sozialerako hainbat datutan sakondu dute Duina proiektuan.
Ikerketa honen ondorioak publiko ezberdinekin lantzeko, material sorta bat kaleratu zuten abenduan: haurrekin, gazteekin eta helduekin lantzeko euskarri ezberdinak garatu dira. Haur eta familientzako material didaktikoa Bergarako San Martin ikastetxean aurkeztuko zuten abenduaren 16an estreinekoz; eskola komunitatea, Biolur elkartea eta Ereindajanek elkarlanean antolatutako jarduera-sorta baten baitan. Eskolako jangelako proiekturako aberasgarri izatea ez ezik, elikadura heziketan sakontzeko eta bere osotasunean lantzeko ekimen bateratua izango da.
Irrimarra ilustratzailea eta Sabrina Pato sukaldariarekin landutako material didaktikoak honako helburua du: elikadura osasuntsuaren garrantzian sakontzea, barazkiak etxean kozinatu eta eguneroko ekonomian zein ingurumenean duen garrantziaz ohartzea. Hezkuntza praktikoaren bitartez 12 elikagaiekin plater konbinazioak eginez kopuru eta prezioak landuko dira. Bestetik, familientzako materiala eskuragarri jarriko da, etxeko sukaldeetan ilustrazioek lekua hartu dezaten, elikadura osasuntsuaren prestaketan lagundu eta motibatuz.
Hiru jarduera antolatu dira:
Lehenbizi, LH2ko ikasgeletan materialak banatu eta landuko ziren. Barazkiekin, errezeta koloretsu, dibertigarri eta eskuragarriak nola egin ikasiko da. Baita erosketa kostu eta ekoizpen kostuekiko hurbilpen bat egin ere. Egun berean, herritar eta familientzako aurkezpen irekia egin zen.
Gelan ikasitakorekin, ikasleek eskolatik bisita egingo zuten Bergarako Ziarreta baserrira, DUINA proiektuan parte-hartu duen etxaldeetako bat baita. Ingurunearekiko eta tokiko nekazaritza-jarduerekiko elkarrekintza honen ondorioz, taldeak elikagaien zikloari dagokion kontu ezberdinak ikasiko dira praktikatik: baserriaren funtzionamendua eta ekonomia, agroekologia zer den, baratzeko labore eta lan ezberdinak, konpostak eta ongarritzeak zikloan duen garrantzia…
Eskola-elikadurari begira herri mailan indarra hartu duten bestelako ekimenak ere garatu dira. Hemen informazio gehiago.
*ARGAZKIA: goiena.eus