Ekolapiko bertako baserrietan ekoiztutako elikagaiekin elikadura ekologikoa eta osasuntsua ikastetxeetako jangeletan txertatzeko proiektu bezala 2006. urtearen amaieran eman zituen bere lehenengo urratsak, eta egun, hiru eragilek hartzen dute parte egitasmoan: Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK.
Asteazkenean Ekolapiko egitasmoren baitan dauden hiru eragileek, Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), ikastetxeetan Ekolapiko egitasmoa indarrean jartzeko gidaliburua aurkeztu dute Donostian. Gidak egitasmoaren ibilbidean pilatutako esperientzia eta hausnarketak biltzen ditu, egitasmoa indarrean jartzeko irizpide, pauso eta xehetasunekin. 10 urte luze hauetan egitasmoak pilatutako esperientzia guztiak biltzeko, eta ikastetxeetan Ekolapiko txertatzeko jarraibide gisa, gaurkoan Ekolapiko gida aurkezten dute Cristina Enea Fundazioak, ENEEK-ek eta Biolur-ek. Gida honen helburua ikastetxeak laguntzea da, eskaintzen duten jantoki-zerbitzua elikagai ekologikoekin lan egiteko eman behar dituzten urratsak eta tresnak ezagutu ditzaten. Eredu aldaketa prozesuan egon daitezkeen zalantzak argitzea ere dokumentu honen xedea da. Tresna lagungarri hau jorratzeko, Ekolapiko proiektuko partehartzaileen esperientzia eta ekarpenak bildu dira. (Albistea Cristina Enea Fundazioaren webgunean)