Markinako eskolak 2016ko apirilean eskuratu berri du eskola-jantokiko kudeaketa. 2014ean Eusko Legebiltzarrak adostu zuen 4 proiektu pilotu jartzea martxan eta Markinako eskolak Ez zuen itxaron. Berehala egin zion eskaera Hezkuntza sailari eta gaur egun oso pozik daude: eskualdeko bost ekoizleen barazki ekologikoak jaten dituzte, Ondarruko portuko arrain freskoa, Berritxuko esnea, Gizaburuko landako arraultza labeldunak, Nafarroako olioa, Arabako patata ekologikoak eta lekale agroekologikoak. Herriko dendetan erosten dituzte ogia, kipula, berakatza, gatza, azukrea, pasta, ozpina eta fruta.
Bidea luzea izan da baina merezi izan du jankideen poza eta Osasun saileko ikuskaritzen emaitzak ikusita. Larrabetzuko esperientzia ezagututa (ez zen inoiz pasatu kudeaketa zuzenera), jantoki-batzordea osatu zen; OOG, zuzendaritza eta Udaletxearen babesa lortuta martxan hasi ziren eta bidean izan dituzte lagun Lea Artibaiko Landa Garapenerako elkartea, VSF eta EHIGE, besteak beste.
Denetariko perfilak dituzte jantokia kudeatzen duen gurasoen lan-taldean: sukaldaria, nutrizionista, agroekologia irakaslea, aholkulari ekonomikoa, herriko dendariak, Udaletxeko ordezkaria, catering enpresako langile bat eta guztia koordinatzen duen Zuriñe Egia.
Gaur egun Eusko Jaurlaritzak ordaindutako sukaldariak dituzte eta IGE-ak kontratatzen ditu begiraleak (catering enpresaren bitartez) eta erosketa guztietaz arduratzen da. Familien kuotak mantendu egin dira.
Hezkuntza sailarekin hainbat bilera egiteaz gain hiru dokumentu prestatu behar izan dituzte prozesu luze honetan: proiektua bera (bertako, sasoiko eta kalitatezko produktuetan oinarrituta –integralak, ekologikoak-), plateren fitxen bilduma eta hornitzaileen zerrenda, azken bi hauek Landa Garapenerako Elkartearen laguntzarekin. Buelta asko eman dizkiote menuari, Hezkuntza sailaren baldintzak eta sukaldeko langileen eskaerak kontuan hartuz, eta hainbat buelta eman ondoren lortu dute guztiak asetzen dituen formula (irudia ikusi).
280 bazkaltiar ditu eskolak, 450 ikasle guztira, 13 begirale, 3 sukaldari eta 2 txandatan jaten da.