Urriaren 24an Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek hurrengoa adostu zuten:
- Gaur egungo zuzeneko kudeaketa ereduak aldaketak eta hobekuntzak behar dituela, esleipen, gardentasun eta kontrol prozeduretan. Halaber, kudeaketa eredu berritzaile eta deszentralizatu baten alde egiten duten zentroentzako sistema osagarri bat zehaztea ere.
- Baldintza-agiri berriak kontrastatu behar ditu Eusko Jaurlaritzak eragileekin 4 hilabeteko epean, ahalik eta babes handiena izan dezaten.
Eusko Jaurlaritzak hala eskatzen duten ikastetxeetan sukaldeak eraikitzea bermatzea. - 4 hilabeteko epean Eusko Jaurlaritza deszentralizatutako (zentroak berak kudeatutakoa edota tokian-tokiko eragileekin elkarlanean) beste kudeaketa-eredu batzuk aztertzeko elkar lanean arituko da hezkuntza komunitatearekin (familiak, ikastetxeak, ordezkari sindikalak). Hori guztia, zerbitzuaren izaera publikoa eta bidegarritasun teknikoa, juridikoa eta administratiboa mantenduz.
- Datorren ikasturterako, 2020-2010 kurtsorako, gaur egun indarrean dagoen araudiaren (2000ko agindua) erredakzio berri bat proposatzea.
Iruzurra eragin duen sistema hau aldatzea adostu izana era positiboan hartu du EHIGEk. Hezkuntza komunitatea asetzen ez duen eta familientzat zein altxor publikoarentzat galerak eragin dituen eredua aldatzeko benetazko borondatea egotea behar da orain.
Horretarako, ezinbestekoa da inplikatutako eragileen (ikastetxeak, familiak, langileak) arteko lan egutegi erregularra eta bidegarriak diren proposamenak egitea.
Sukaldeak zentroetan
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 2019-2023 aldirako Hezkuntza Azpiegituren Planak akzio plan berri bat dauka: zazpi zentro publikoetan sukaldeak eraikiko direla adierazten du planak: Atxondo HLHI, Murumendi HLHI, Karmelo IPI, Zabalarra HLHI, Orobiogoitia BHI, Lantziego HLHI eta Zaldibar HLHI.
Halaber, Legebiltzarreko adostasuna kontuan izanik, zuen ikastetxe eta eskoletan sukaldeak eraikitzeko eskaera egitera animatzen zaituztegu, elikaduraren kalitatea hobetzeko. Hemen aurkituko duzue eskaera egiteko eredu bat.
Beste kudeaketa eredu batzuk, enpresaren aukeraketa
Hezkuntza Sailari eta Eusko Legebiltzarrari kudeaketa eredu desberdinak aztertzea eskatu diegu, udal kudeaketa esaterako. Arlo honetan, dagoeneko ezagutzen ditugu Iparraldeko eta Iruñeako ereduak.
Madrilen eta Kantabrian, zentroak aldez aurretik Hezkuntza Sailak homologatu dituen catering enpresen artean bat aukeratzen du eta eredu hori ere aztertzea eskatu dugu. Madrileko kasuan enpresak elikagaiak hornitu ditzake (sukaldea daukaten zentroen kasuan) edo sukalde zentral batean egindako menua hornitu dezake. Kasu hauetan ikastetxe eta eskolak enpresa baten bezero “gatibu” izatetik, enpresa txiki edo ertainen bezero izatera pasatzen daitezke.
Arlo pedagogikoa
Eskola-jantokia zentroarekin zerikusirik ez duen zerbitzua izateari utzi behar dio, eta eguerdiko ordutegian egiten diren ekintzak Zentroaren Proiektuarekin ados etorri behar dira. Arlo honetan, denbora daramagu hurrengo onurak eskatzen:
- Derrigorrezko jantoki-batzorde bat egotea ikastetxe guztietan, espazioa antolatzeko eta kontrolatzeko eta eguerdiko ordutegian ekintzak proposatzen dituena.
- Begiraleen ratioak hobetetzea, bereziki lehen eta bigarren hezkuntzan.
- Eskola-jantokia eremua pedagogikoa da eta horrek langileentzako heziketa eskatzen du (arduraduna, sukaldariak, jantokikoak)
- Langileek gure eskola eta institutuetan dagoen D ereduarekin bat datorren hizkuntza profila izatea.
- Espazio atseginak, zaratatsuak ez direnak.
Laburbilduz, hezkuntza komunitateak bere ikastetxearen beharren arabera hoberen datorkion kudeaketa eredua erabakitzea eskatzen dugu, kalitatezko zerbitzu unibertsala eta segurtasun eta lan baldintza guztiak betetzen dituena eta eredua publikoaren markoan kokatzen dena