Baserritarren plazak berriro zabalik ikusi ditugu. Zorionez. Krisi honek astindu ederra eman digu eta gure lekutik atera, geldien eta itxien egon garen momentuan.
Aldaketa sakona behar dugula esan digu krisi honek , izan daitezela eskola jantokiak aldaketa horren pizgarri, etorkizunean gure seme alabek ez ditzaten egin guk egindako akats berberak
Konturatu gara zein gutxi behar dugun bizirauteko, atzo deuseztatu genituen lanbideak esentzialak bihurtu zaizkigu. Elikagaiak. Zoriontsu izateko, beste gauza batzuk behar ditugu, pentsatzen genituenak baino gutxiago bada ere.
Zer behar du haur batek bizirauteko? Zer behar du lehen sektoreak bizirauteko?
Zer beharko luke izan eskola baten jangela XXI. mendean? Hezitzailea, osasuntsua, publikoa, iraunkorra eta justua. Zer lehengai eduki beharko lituzke jangela horrek? Produktu agroekolokigoak, gertukoak. Gure baserritar- arrantzaleenak.
Aspaldi daramagu lanean eskola eredu berri baten alde. Aspaldi elkar gurutzatu genituen gure bideak. Ekoizle, langile eta familiak.
Gure herriarentzako elikadura sistema justu, iraunkorra osasuntsua eta ingurugiroarekiko jasangarri bat nahi dugu. Behar beharrezkoa iruditzen zaigu herri gisa, gure burua elikatzeko gai izatea. Krisi honekin agerian geratu da zein garrantzitsua den elikadura bizirauteko.
Gure eskolak, elikadura sistema berri horren oinarri bat izatea nahi dugu. Eskoletako ikasle eta gure herriaren seme-alabak gizarte honen oinarria izango direlako. Jangelako elikadura beraien bizitza osasunaren oinarria izango delako. Baserritar- ekoizleentzako bide sendoa, denboran iraunkorra bizirauteko oinarria izan daitekeelako. Lan baldintza onak dituzten langile prestatuak, ikasleei, elikaduraren hezkuntza oinarri on bat emango dielako, eskolako hezkuntza proiektuan txertatua egongo dena. Iraunkortasuna planetaren bizitza osasuntsu mantenduko duelako.
Horregatik, krisi honetatik ateratzeko inbertsio publikoak behar ditugu ekonomia berpizteko eta herri gisa hobetzeko. Aberastasuna sortu eta inguruan banatuko duena. Sukaldeak eraikiz eskoletan. Baserritar-arrantzale-ekoizleei bizi baldintza justuak bermatuko dizkienak. Bertoko ekonomia berpiztu eta bultzatuko duena. Kutsadura murriztuko duena. Eskolei aukeratzeko autonomia eman eta beti, langileen lan baldintzak eta formakuntza bermatuko dituenak eredu publikoan oinarrituta.
Inoiz baino garrantzitsuagoa-inoiz baino argiagoa-inoiz baino beharrezkoagoa.
Jangela eredu berri bat orain! Hezitzailea, iraunkorra, publikoa, osasuntsua eta justua!