Gizarteak iraunkortasunean, gertutasunean eta osasunean oinarritutako elikadura eredua eskatzen duen une erabakigarri batean gaude.

Gure elikadura eredu globalizatu, osasungaitz eta jasangaitzaren kate-maila bat gehiago da eskola elikadura. Baina berau eraldatzeko abiapuntu ona izan daiteke ere. Fokua hezkuntza alorrean ipiniz pausu handiak eman ditzakegu elikadura eredu osasuntsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko bidean. Gizarte, politika eta hezkuntza mailako erronka baten aurrean gaude.

Horren jakitun, GOZO I. Nazioarteko Jardunaldiak ospatuko ditugu Bilbon, munduko hainbat izkinetan martxan dauden praktika onei buruz eztabaidatu eta hausnartzeko espazioa. Urriaren 2, 3 eta 4ean eskola elikadura osasuntsuagoa eta jasangarriagoa sustatzen duten politika publikoak, eragile eraldatzaileak eta esperientzia pedagogikoak ezagutuko ditugu.

Jardunaldiak Bilboko Itsasmuseum-en egingo dira eta hiru atal izango dituzte.

Administrazio publikoek bultzatu ahal dezakete eskola-elikadura osasuntsua eta jasangarria?

Erakunde publikoek eskola-elikaduran duten zeregina aztertuko dugu aurreneko egunean. Nola bultzatu ditzaketen politika publikoak eskola-elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Horretarako, Europa, Erdialdeko Amerika eta Estatutik etorritako ordezkariek bide honetan izan dituzten zailtasunak eta lorpenak kontatuko dizkigute.

Elikadura-politika publikoetan aditua den italiar batek emango die hasiera jardunaldiei. Europar Batasunak zehazten dituen ildoak azalduko ditu, baita nola ari diren berauek garatzen hainbat herrialde.

Bestetik, El Salvadorreko gobernuko kide bat izango dugu gure artean azaltzeko ministerio desberdinen arteko elkarlana ikastetxeetan elikagai freskoak eta lokalak nola lortzen dituzten.

Akitaniako esperientzia ere izango dugu gure artean. Erregio eta herri mailako politika publikoek ikastetxeetan elikadura osasuntsua eta iraunkorra nola bermatzen duten azalduko digu.

Gizarte eragileen zeregina eskola-elikaduran

Bigarren egun honetan gizarte eragileek eskola-elikaduran duten zeregina aztertuko dugu. Zeregin hau eraldatzailea izan daiteke edo ez, baina parte hartzen duten eragile guztiek dute eragina. Horregatik, eragile hauen rola aztertuko dugu: ekoizpena, transformazioa, sukaldea eta kontsumoa.

Italiako eskola-elikadura eredua ezagutzeko aukera izango dugu, non elikadura osasuntsua eta iraunkorraren aldeko apustua egiten den gizarte-eragileen parte-hartze garrantzitsuarekin. Bertako produktuak eta ekologikoak gorde eta banatzeko Nafarroan egin den azpiegitura ezagutzeko aukera izango dugu ere.

Medikuntzaren ikuspuntutik elikadurak osasunean duen garrantzia ezagutuko dugu ere, batez ere adin txikietan. Lehen sektoreak sistema osoan duen protagonismoa azpimarratuko du, horretarako euskal baserritarrak eta Kanariar Uharteetako esperientzia ezagutuko dugu.

Haur-eskoletako jantokiak ezagutuko ditugu ere, euren lorpen eta zailtasunak.

Elikatu, hezi, ekin. Pedagogiaren zeregina eskola-elikaduran

Euren ikastetxeetan elikadura osasuntsua eta jasangarriarekin lotutako ekimenak martxan ipini nahi dituzten irakasle eta hezitzaileei zuzenduta dago goizeko saioa, etapa guztietakoei. Gaiarekin interesa duen orok parte har dezake arratsaldeko saioan.

Tertulia pedagogiko batekin hasiko dugu goiza. Hegoa-EHU, San Cugat-eko Udaletxea (Ingurugiro saila) eta Bartzelonako Unibertsitateko (Zientzia Esperimentalen Didaktika) kideak izango ditugu, hezkuntza kritikoa eta eraldatzailean erreferente direnak. Lan-taldeak egingo ditugu ondoren, ikastetxean martxan jar daitezkeen proposamenak sortu ahal izateko.

Arratsaldean ateak irekiko dizkiogu gaiarekin interesa duten guztiei. Estatuko esperientziak ezagutuko ditugu world ecocaffe batean. Hezkuntza eredu konbentzional batetik kritiko batera nola salto egin ikusiko dugu, elikadura osasuntsua eta osasungarria txertatu gelan eta ikastetxean.

Hezkuntzak elikaduran eta elikadurak hezkuntzan duen garrantzia egiaztatuko dugu.

Zatozte, parte hartu eta eraldatu!

Animatu eta parte hartu! #gozobilbao