Hamaiketako osasungarria 2016-2017 ikasturtean Kanpezuko eskolako guraso elkarteak martxan jarritako proiektua da. Helburua ikastetxeko ikasleek bertako produktu agroekologikoz osatutako hamaiketako osasungarria egitea da.
IGEan denbora daramate jantokiaren eredua aldatzeko lanean eta epe luzerako prozesua denez hamaiketakoaren bitartez pausoak ematen hastea pentsatu zuten. Proposamena hezkuntza komunitateari aurkeztu ziotenean oso ideia interesgarria iruditu zitzaien. Ondoren IGEaren Batzar Orokorrean eta OOGan onartu zen, ideia zehaztu egin zen eta otsailean hasi ziren astean behin hamaiketako osasungarria egiten.
Hamiketako osasungarrietan ikasleek hurrengoa jaten dute:
- Ogia, olioarekin, gaztarekin, eztiarekin, hestekiekin…
- Fruta, bi aukera
- Fruitu lehorrak
- Okindegiko opila
Hamaiketakoak diseinatzerako orduan ikasleen aniztasuna kontuan hartu da, halal hestekiak aukeratuz eta elikagai-intolerantziak (gluten, laktosa…) kontuan hartuz ere.
IGEko ordezkari bat eskariak egiteaz arduratzen da, herriko denda eta bertako ekoizle agroekologikoei erosten zaie zuzenean. Astelehenetan aste guztirako fruta eramaten da eta ogia goizeko bederatzietan jasotzen dute. Ondoren, ikasgelan, irakaslea arduratzen da hamaiketakoa banatzeaz, frutaren kasuan bi aukera egoten dira.
2017ko otsailetik ekainera ikastetxeko IGEak diruz lagundu zuen proiektua. Ikasturte honetan familiek ordainduko dute hamaiketakoa, 3€ hilean (0,15€/eguna).
Hamaiketako osasungarriaren bitartez hurrengo helburuak bete nahi ditu Kanpezuko guraso elkarteak:
- Elikadura osasungarria ikasle guztientzat
- Ezberdintasunik ez egotea ikasleen artean hamaiketakoari dagokionez
- Opil industrialak kentzea eta bertako merkataritza sustatzea
- Hondakin kopurua murriztea: albal papera, janari industrialaren bilgarriak…
Familien eta ikastetxeko zuzendaritzaren balorazioak oso onak izan dira. Familiak informatzeko alde batetik, IGEaren ordezkariek proiektua aurkeztu zuten gela bakoitzeko batzarretan, eta bestetik, informazio orriak bidali ziren.
Ikasleek oso ondo hartu dute hamaiketako berria, gainera proiektuaren logoa eta leloa ikasleen ideien lehiaketa batean aukeratua izan zen: “Bertako jana a ze plana!”
Eskola jangela osasuntsuago, hurbilago eta justuago baten alde eskualde osoan sortzen ari den mugimenduaren baitan sortu zen. Eskola publikoetako jantokien menuen eta kudeaketaren kalitate baxua eta gardentasun falta dela eta eskualdeko familia, gizarte erakundeak eta agente politikoak lanean hasi dira eskola jantoki eredu berri bat sortzeko, hamaiketako osasungarria pauso bat gehiago da bide honetan.