Gure kezka sakona adierazi nahi dugu Hezkuntza Sailak eskola-jantokietako sukaldeen inguruan egindako adierazpenen aurrean. Kalitate handiagoko eskola-jantokia eskaintzea helburu, in-situ sukaldeen eta zonaldeko sukaldeen eraikuntza jasotzen duen plana iragarri du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua den Begoña Pedrosak. Gure Platera Gure Aukera ekimenetik, ikastetxean sukalde propioa izateak dituen abantailak eta onurak azpimarratu izan ditugu, elikadura zein pedagogia aldetik eta hau positiboki baloratzen dugu. Halere, iragarri berri den planak, gure ustez, ez die erantzuten hainbat urtetan hezkuntza komunitate eta eragile ezberdinek mahai gainean jarri ditugun eskari eta beharrei.
- Batetik, 2019-2023 azpiegitura-planean aurreikusita zeuden zazpi sukaldeetatik, hiru egin gabe daude oraindik, eta beste batzuk oraindik ezin izan dira erabiltzen hasi. Ez da bermatu ere sukaldariak langile publikoak izatea, catering enpresetakoak baizik.
- Eraiki diren lau sukalde horietan ez da eredua aldatu (catering enpresek kudeatzen dituzte), nahiz eta horietako bitan (Atxondo eta Zaldibar) proiektu osagarria landu eta aurkeztu den. Azpiegitura berriak eraikitzeak haurren osasuna eta lan-baldintza egokiak bermatu beharko lituzke eta ez catering enpresen interesak.
- Gutxienez 50 ikastetxek egin dute in-situ sukaldea eraikitzeko eskaera, ondorioz, horietatik gehienak plan honetatik kanpo geratuko lirateke
- Ikastetxeetan sukaldea izatearen eragina positiboa den arren, eskola-jantokien eraldaketaren muina ez dago soilik sukaldeen eraikitzean. Catering enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzako bestelako eredu bat arautzea adostu zuten Eusko Legebiltzarrean, 2019an. Eredu berri horren inguruko araudia ateratzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, baina ez da iristen, eta bitartean, catering enpresetatik at jardun nahi duten ikastetxeek zain jarraitzen dute.
Pasa den abenduan iragarri genuen bezala, politikoki eta administratiboki hainbat aukera galdu dira eskola-komunitateen eskaerak integratu ahal izateko: plegu, hezkuntza legea eta eskola-jantokiei buruzko agindu berrietan… egin diren azken aldaketa guztietan, catering-enpresa handien zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak.
Arlo instituzionalean zein komunitarioan, jantokien eredua aldatzeko proposamen zehatzak egin ditugu eta posible dela erakusten duten proiektu pilotuen esperientziak ere hor ditugu. Etengabe jasotzen ditugu eskola-jantokien kudeaketa eredua aldatzeko eskaerak eta planteamendu landuak. Berriki, Hernaniko udalerrian adibidez, hezkuntza komunitate guztiak eta udalbatza osoak babestutako proiektu bat aurkeztu da, udal-konpetentzian oinarritutako jantoki eredu bat martxan jartzea oinarri duelarik. Beste lurralde batzuetan ezagutu izan dugun bezala, aldaketa hau posible da eta borondate politiko kontua da.
Hau guztiagatik, zera eskatzen diogu Hezkuntza sailari: behingoz abiatu dezala eredu deszentralizatu/osagarri berria eraikitzeko prozesua, inplikatutako eragile guztiekin. Honekin batera, ikastetxe, udal zein eskualde mailan egin diren proposamen ezberdinei erantzutea eskatzen diogu.