GURE PLATERA GURE AUKERA ekimena hezkuntza-komunitate, lehen sektore eta gizartetik sortu den eskaera bati erantzuteko jaio da: egungo eskola-jantokien eredua aldatzeko nahia. 2000 urteko araudi batek “kudeaketa zuzena” izeneko eredu bakar baten bidez kudeatzera derrigortzen ditu EAEko ikastetxe publikoetako jantoki guztiak. Catering enpresa batek kudeatzen ditu jantokiak, eta poliki-poliki sukalde guztiak desagertzen ari dira.
Aldaketa prozesua mingarria izan zen kasu askotan, izan ere ikasleen elikaduraren kontrola galdu zen ikastetxeetan (behar nabarmenik gabe). Egun batetik bestera apurtu egin ziren erlazioak harategi, merkatu, okindegi, portuko arrantzale eta nekazariekin. Catering enpresak hartu zuen erosketa eta prozesu osoaren ardura.
Horregatik familia askok galdetzen diogu gure buruari: Zer jaten dute gure seme-alabek? Catering-enpresek unean-unean informazioa bidaltzen diete familiei ematen dituzten menuei buruz, baita nutrizio-baloreena ere batzuetan, baina ez dira gardenak elikagaien jatorri edo kalitateari buruzko informazioa eskatzen zaienean.
Ekimen hau osatzen dugun taldeek eskola-jantoki OSASUNTSU, BERTAKO ETA JUSTUA aldarrikatzen dugu. Horretarako, aldaketak proposatzen ditugu, eskola-jantokia espazio integral eta integratzailea izan dadin eta ez bakarrik sukaldaritza “zerbitzu” bat. Landa-eremu bizia eta lehen sektorea sartzearen aldeko apustu politikoen laguntzarekin egin behar dira aldaketa hauek.
Eskola jantokiek duten balore pedagogikoa berriro hartzea nahi dugu eta gure seme-alaben elikadura gure inguru eta kulturarekin bat etortzea. Hala, jaki kilometrikoak ekidingo ditugu, hau da, gure platerera iristeko distantzia luzeak, horrek dakartzan eraginekin ingurugiroan gizartean eta arlo ekonomikoan. Guzti horregatik, eskola-jantokien aldaketa eskaerak biltzen dituen elkargunea da GURE PLATERA GURE AUKERA.