Gure Platera Gure Aukera ekimenetik gure iritzia eman nahi dugu Muskizko ikastola ikastetxeko guraso talde batek jangelako menuen kalitateari buruz egin duen salaketaren harira. El Correo egunkariak jaso du salaketa hau.
- Ba dakigu eskola honetan gertatu dena EAEko beste ikastetxe publiko batzuetan ere gertatu dela. Menuen kalitate baxua, kantitate eskasa, catering enpresen erantzun kaskarrak eta Eusko Jaurlaritzaren erantzun eza hainbat ikastetxeetan errepikatu da.
- Plater batean zizare bat agertu izana ez da eskola-jangelan emandako gertaera larriena izan, baina gurasoek gertatutakoa publiko egitea sortu du.
- Jangelan hainbat aldiz jan eta gero, eta hainbat intzidentzia egiaztatuta, idatziz interpelatu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila eta ez dute erantzunik jaso. Hainbat kexa helarazi zizkieten ere catering enpresari (Eurest). Hori dela eta, egoera hau publiko egitea erabaki zuen guraso talde horrek.
Gure platera gure aukera ekimenetik jakinarazi nahi dugu eskola publikoetako jangeletako menuak familien eskaeren azpitik daudela, ez dagoela gardentasunik enpresen menuen kudeaketan eta familiek ez dutela inolako aukerarik euren eskariak martxan ipintzeko, Eusko Jaurlaritzaren “kudeaketa zuzena” izeneko eredua dela eta.
Kalitatea, gertutasuna eta gardentasunaren gainetik negozioa eta zentralitatea lehenesten dituen kudeaketa ereduaren ondorioak jasaten dituzte eskola-komunitateek. Eusko Jaurlaritzarena da egoera honen ardura eta esleitutako enpresei dagokie eredu hau egikaritzea
Guzti honengatik, eta intzidentzia larri hauek berriro gerta ez daitezen, hauxe eskatzen du Gure platera gure aukera ekimenak: trantsizio prozesu bat has dezala Hezkuntza sailak inplikatutako eragile guztiekin, jangela eredu hurbil, justu, osasuntsua eta hezitzailea lortzeko.