Hilabete pasatu da ia Laukarizko eskolako publikoko IGE-ak eskola-jangelaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak aukeratutako hirugarren proiektu pilotua baita.

Bertara hurbildu gara esperientzia nola doan ezagutzera.

Oraindik egiteko asko dagoen arren, familiak eta IGE-a oso pozik daude aldaketarekin. Eskolako umeak oso gustura daude menu berriarekin, baita sukaldariak ere, kalitate hobeagoko produktuekin egiten dutelako lan eta lan-karga ez delako asko handitu.

Azken bi ikasturteetan, IGE-ko ama talde batek izugarrizko lana egin du hornitzaileak eta bertako ekoizleak bilatzen, menuak egiten eta abar. Egun, eurak arduratzen dira eskaerak egiteaz, diru-kontuez eta ikastetxearekin elkarlanean aritzeaz jangelako kontuetan.

Hornitzaile gehienak bertakoak dira eta asko ekologikoak. Arraina Ondarrutik dator (Markina eta Gernikan bezala). Haragia Mungiatik eta oilaskoa Zamudiotik. Errigoitiko basa-arrautzak jaten dituzte eta pasta eta lekariak ekologikoak dira. Zaragozatik dator olio ekologikoa eta Gizaburuagatik tomatea eta piperra. Sagarrak Gatikatik eta barazkiak bertatik, eskolako familia batzuk ekoizleak baitira.

Epe motzerako helburuen artean daude ebaluazioa egitea familia eta ikasleen artean, baita familiak sentsibilizatzea ere elikadura orekatuaren inguruan.

Menua ez den arren behin-betikoa, urte amaierarako zehaztu nahi dute bost astean behin txandakatuko den bat, martxan dauden bi esperientzia pilotuetan egiten den bezala.