Gernikako Allende Salazar eskolako Guraso Elkarteak prentsaurrea eman du ikasturte honetako esperientzia azaltzeko asmoz. Bigarren esprientzia pilotoa da Allende Salazar, Markinako Bekobenta eskolaren ondoren. Euren hitzak jaso nahi izan ditugu hemen:

“Allende Salazarko jantoki eredu berri honen helburuak, gure umeen osasuna zaintzea, Urdaibaiko jasangarritasuna bermatzea eta lehen sektorea bultzatzea dira. Jantoki berriarekin ikasturte bat betetzen dugun honetan, ZORIONAK eman behar dizkiogu Allende Salazar ikastetxeko eskola komunitate guztiari.

Zorionak eta eskerrak guzti hau posible egin dugun guztixori !!! Guraso Elkarteari. Zuzendaritza eta irakasleei. Umeei. Jantokiko Hezitzaile, Sukaldari eta jantoki arduradunari. Proiektuaren koordinatzaileari eta zelan ez gure baserritarrei. Bejon deizuela!!!

Ikasturtea betetzen dugun honetan balantze txiki bat egiteko momentua dela deritzogu.

  • Umeek jaten duten elikagaien kalitatea nabarmen hobetu dugu.
  • Jantokiko langileen lan baldintzak mantendu ditugu eta lan karga ez da handitu.
  • Bertako ekonomia bultzatu dugu eta lanpostu berriak sortu ditugu.
  • Orain arte proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa lortu dugu. Erakundeek eta familiek diru gehiagorik ipini gabe. Proiektuaren kudeatzaile garen Guraso Elkarteak ez dugu diru irabazi asmorik eta zuzenean erosten ditugu elikagaiak. Horrek bermatu du elikagaien erosketei askoz diru  gehiago zuzentzea.

Umeek  gure jantokian jaten dituzten elikagaien inguruko hiru datu:

  • Eskualdeko produktuak %57,13 dira (Ondarroako arraina kontutan izanda)
  • Euskal herrikoak guztira % 76,32
  • Elikagai ekologikoen kopurua guztira % 70,2 da.

Ikasturte honetan Hezkuntza Sailaren baimena izan dugu jantoki eredua aldatzeko, eta eskertzen diogu. Baina guk ez dugu uharte bat izan nahi! Eskola guztientzako ere eskatzen dugu jantoki eredua aukeratzeko eskubidea.

Araudia aldatu dezatela!, beste jantoki eredu bat posible dela sinesten duten eskola eta erakunde asko daude eta! Bai Euskal Herrian eta baita Gure eskualdean  ere. Bide batez, eskualdeko erakundeei bertako nekazaritza eta produkzioa bultzatzen laguntzea ere eskatu nahi diegu.

Gurasook egiten ari garenaz harro gaude. Nork pentsatuko zuen oin urte batzuk guzti hau posible izango zela? Guk  sinistu genuen. Gure indar eta  elkarlanean sinistu genuen. Eta hemen da emaitza!

Ala ere lan guztia ez dago eginda. Hurrengo urteetan ere proiektua landu,  babestu eta zabaltzen jarraitu behar dugu.”

ITURRIA: http://www.gurasoakallende.net/