Urriaren 9an, ostiralean, Azpeitiko Azoka Plazan elkartu ginen, Euskal Herriko eta Senegaleko tokiko merkatuen errealitatea ezagutzeko, elikadura-kulturen arteko zubiak eraikitzeko eta elikadura-sistema bidezkoagoak lortzeko bidean hausnartzeko. Bidezko Elikadurak eta Elikaguneak elkarlanean antolatutako jardunaldiak ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin.
Saioaren abiapuntua Podorreko (Senegal) tokiko merkatuen errealitatea ezagutzea izan zen. Azokak ez dira elikagaiak erosteko eta saltzeko leku hutsak: tokiko ekonomiaren, kulturaren eta komunitate-bizitzaren parte dira, eta pertsonen arteko harremanak eta jakintzen transmisioa sustatzen dituzte. Euskal Herriko eta Senegaleko esperientziak alderatzeak, gainera, gure azokek gaur egun dituzten erronkei eta horiek bizirik mantentzeko beharrari buruz hausnartzeko aukera eman zigun.
Elikaduraz eta tokiko ekoizpenaz hitz egiteaz gain, hazien inguruko esperientzia praktiko bat ere partekatu genuen. Senegaletik ekarritako okra- eta perrexil-haziekin haztegiak egin genituen, eta okra barazkiak Podorreko familien elikadura-burujabetzan duen garrantzia ezagutu genuen lehorten aurrean duen erresistentziagatik.
Gastronomiak ere leku berezia izan zuen jardunaldian, sukaldaritzaren bidez kulturak eta esperientziak partekatzeko aukera eskaini baitzigun. Sukaldaritza-erakustaldi batean, artatxiki integralarekin egindako Senegaleko postre tradizional bat prestatzen ikasi genuen. Horrez gain, Azpeitiko hiru emakumek prestatutako platerak ekarri zituzten, Senegaleko gastronomiaren zaporeak eta errezetak gertutik ezagutzeko. Ekarpen horri esker, sukaldaritza ezagutza eta kultura partekatzeko modu bat ere badela ikusi genuen. Topaketari amaiera emateko, Senegaleko jakiz osatutako otordu eder baten inguruan bildu ginen, elkarrekin dastatzeko, hitz egiteko eta bizipenak partekatzeko.
Azkenik, hausnarketa partekatzeko espazio bat sortu genuen horma digital baten bidez. «Nola mantendu ditzakegu bizirik gure tokiko merkatuak etengabe aldatzen ari den mundu honetan?» galderari erantzunez, parte-hartzaileek beren ideiak eta proposamenak gehitu zituzten. Ekimenak zabalik jarraitzen du, eta herritar guztiak gonbidatuta daude beren ekarpenak egitera. Parte hartzen dutenen artean saski agroekologiko bat zozkatuko da.
Azpeitiko topaketak erakutsi zigun tokiko merkatuak zaintzea elikagaiak erosteko eta saltzeko espazioak mantentzea baino askoz gehiago dela. Tokiko ekoizpena babestea, kultura eta ezagutzak partekatzea, komunitate-harremanak indartzea eta elikadura-sistema bidezkoagoak eta jasangarriagoak eraikitzea ere bada. Euskal Herriko eta Senegaleko esperientziak elkarrengana hurbilduz, gure azokak bizirik mantentzearen garrantziaz hausnartzen jarraitzeko eta elkarrekin ikasten jarraitzeko aukera izan genuen.

