Orain dela urte eta erdi inguru, Durangaldeko 9 eskola publikoetako gurasoek Berton Bertokoa ekimena sortu zuten. Jantokietan seme-alabei ematen zaien elikadura-kalitateaz arduraturik eredu aldaketa eskatzen dute. Hitzaldiak, jardunaldiak, zozketak etab egin dituzte gurasoen sentsibilizazioa landu eta instituzioen inplikazioa lortzeko.
Ekainaren 10ean jangeletan bertakoa eta sasoikoa jatearen aldeko jaialdia egingo dute Abadiñon. Hainbat jarduera eskainiko dituzte goizetik iluntzera arte: jolasak, puzgarriak, tailerrak, pintxo lehiaketa, ikuskizunak, herri bazkaria, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, DJ Bull, jolas kooperatiboak…
Jaialdiaren aurkezpenean, EHIGE, BIGE, Sortzen eta Gure Platera Gure Aukera ekimenaren ordezkariak bertan izan ziren babesa ematen.