Joan den astean I GOZO eskola elikadura osasungarria eta iraunkorreko nazioarteko jardunaldiak osapatu genituen Bilbon. Hiru egunetan zehar Estatuko, Iparraldeko, Eskoziako, Italiako eta El Salvadorreko elkola elikaduraren eraldaketan inplikatutako erakundeetako ordezkari instituzionalak, politikoak eta sozialak, gure esperientziak eta jakiturak partekatu genituen, Euskal Herrian eskola elikadura eredu osasungarriago eta iraunkorrago batera hurbiltzeko xedez.
1. atala: administrazio publikoek bultzatu ahal dezakete eskola-elikadura osasuntsua eta jasangarria?
Lehenengo egunean administrazio publikoen paperean jarri genuen arreta.
Bi erakunde antolatzaileen ordezkari gorenak, Paul Ortega Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria eta Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearea egon ziren irekiera-ekitaldian.
Eskola elikadurak ikaslegoaren osasunean eragina izateaz gain, bidezkoagoa eta ingurugiroarekin errespetua duen mundu bat lortzeko erreminta dela azpimarratu zuen Ana Puentek, EHIGEko presidenteak.
Bidezko Elikadurak esparru eta munduko zonalde desberdinetatik elikadura eredu osasungarriagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzeko lanean ari da eta erakundearen presidenteak, Esther Comasek, lanaren garrantzia azpimarratu zuen.
Paul Ortega Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak bertokoa eta globala den marko bat izatea garrantzitsua dela adierazi zuen. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari jardunaldiak antolatu ahal izateko emandako laguntza ekonomikoa eskertu behar diogu.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak inplikatutako eragile desberdinekin hitz egiten jarraitzeko konpromisoa eta adostasuna lortzeko beharra azpimarratu zuen. Irakurri hemen bere hitzaldia.
Ondoren, eskola elikadura osasungarria eta iraunkorra sustatzen duten Estatuko eta nazioarteko sei politika publikoen esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen.
Paola Trionfi Associazione Italiana per l’Agricoltura Biologica eta FIRABeko kidea da eta eskola elikadura osasungarria eta iraunkorra sustatzen duten politikoa publikoak sortzeko ezinbestekoak diren Europako bi politika publiko aurkeztu zizkigun: Nekazaritza Politika Komunitarioa (PAC) eta Green Public Procurement (GPP). Hemen ikus dezakezue bere aurkezpena, non bi politika hauen alde onak eta txarrak aurkezten diren, ikaskuntzak eta aholkuak barne.
Francis Gaussetek, Angeluko Udaleko Haur eta Gazteen zuzendariak, Iparraldeko herrialde honetako 14 jantokiak bertako produktu ekologikoekin hornitu eta eskola jantokia udal langileekin nola kudeatzen duten azaldu zuen. Ikusi bere hitzaldia hemen.
Margarita Hernándezek, Kanarietako Gobernuaren Nekazaritza Saileko teknikariak, Ecocomedores programa aurkeztu zuen. Proiektu hau Nekazaritza eta Hezkuntza Sailen ekimen bat da eta bere helburua eskola jantokietako eta zerbitzu soziosanitarioetako jantokietan produktu ekologikoak, freskoak, lokalak eta sasoikoak egotea da. Horretarako lau lan-mahai daude: koordinazioa, ekoizpena, elikadura eta sentsibilizazioa. Ikusi aurkezpena hemen.
Valentziako Osasun Kontseilaritzako kide den Joan Quilesek, Valentziako Generalitateko zentroetako elikadura osasuntsu eta iraunkorra sustatzeko dekretua aurkeztu zuen. Era berean, gai honi buruzko hainbat plan eta adostasun ere aipatu egin zituen. Ikusi aurkezpena.
Oralia Roblesek El Salvadorreko Hezkuntza Ministerioko Elikatze eta Osasun Programa aurkeztu zuen. Ministerioen arteko ekimena da eta herrialdeko eskola publikoetara otamena, elikadura-ohitura egokiak, eskola-baratzeak eta esne baso bat eramaten ditu. Horrez gain, proiektuak astean behin fruta, barazki eta arrautzak tokiko ekoizleei erostea sustatzen du. Ikusi aurkezpena.
Robin Gourlay Eskoziako Gobernuko aholkularia Eskoziako eskola elikagarriaz eta “Becoming a Good Food Nation” politika publikoaz mintzatu zen. Eskozian ez dago eskola publikoetako jantokirik kudeatzen duen katering enpresarik, ikastetxeen %67k sukaldea dauka eta langile guztiak publikoa dira. Familiek batez beste 2,5 euro ordaintzen dituzte menu bakoitzeko. Ikusi aurkezpena.
2. atala: gizarte eragileen zeregina eskola-elikaduran
Jardunaldien bigarren egunean gizarte eragileen zereginean jarri genuen arreta.
Esparru ponentzia batekin hasi genuen eguna, Javier Guzmán Bidezko Elikaduraren zuzendariarekin eta Claudia Paltrinieri Osservatorio sulle Mense Scolastiche ekimenaren kidearekin.
Javier Guzmanek azaldu duenez, osasuna murrizten duten arrisku gehienak elikadura-faktoreen ondorio dira. PACaren inguruan mintzatu zen, politika honek Europar Batasun osoaren %40ko aurrekontua du, eta nekazaritza eta industria elikaduraren intentsiboaren arduraduna da. Estatuan nutrizio-politikarik ez dagoela ere esan zuen. Hona hemen aurkezpen osoa.
Claudia Paltrinierik bere blogeko eskola menuen rankinga aurkeztu zuen, menu industrialen eta sukaldaritza tradizionalen menuen arteko aldea, zentroetan sukaldatzearen garrantzia azaldu zuen, sukaldatu eta bi ordu ostean nutrienteak galtzen direlako, eta Sesto Fiorentino, Cremona eta Caggianoren praktika onak erakutsi izan zituen. Aurkezpen osoa hemen ikus dezakezu:
Ondoren, bi bloketan bereizitako bederatzi esperientzia aurkeztu ziren.
Pablo Alconchelek, Aragoiko eskola publikoetako kalitatezko eskola-jantokien aldeko Plataformako kideak, Aragoiko Gobernuko eskolako jantoki-zerbitzuaren jarraipena eta ebaluaziorako eta ikasleei arreta emateko protokoloa aurkeztu zuen. Protokolo horren arabera, ikastetxe guztiek jantoki-batzorde bat izan behar dute, eta besteak beste, jantoki-zerbitzuaren urteko plana onartzea da zereginetako bat, elikadura-kontrolak egitea edo etiketatzeaz gain. Era berean, eskola berri guztietan sukaldeak egiteko konpromisoa ere badago. Hemen ikus dezakezu aurkezpena.
David Caballék, Ecoarrels-en gerenteak, Kataluniako eskola kolektiboko errestaurazioko enpresa txiki honen esperientzia aurkeztu zuen. Katalunian, familiek jantokiaren kostu osoa ordaintzen dute (batez beste, 6,20€) eta zentroak erabakitzen du nola kudeatu. Hemen ikus dezakezue aurkezpena.
Hasier Iratzoki Ekoaldeko koordinatzaileak Nafarroako produktu ekologikoen pilaketa eta banaketa zentroaren esperientzia aurkeztu zuen bere webgunearen bitartez.
Kanarietako Gobernuko Margarita Hernández, berriz ere itzuli egin zen, eta oraingoan, Ecocomedores programaren ekoizpen mahaiari buruz hitz egin zuen. Programa honek app bat du ikastetxeetako asteroko eskaria kudeatzeko, La Lagunako Unibertsitatearen ikerketa lan-taldea banaketa-kostuak ezagutzeko, eta finka pilotuak. Hona hemen aurkezpena.
Amets Elgezabalek, Busturialdeko baserritarren sareko kideak, esperientzien bigarren multzoari hasiera eman zion Gernikako Allende Salazar ikastetxe publikoaren eskola-jantokiko esperientzia pilotuan nekazari gisa duen papera azaltzeko. Sei nekazari dira zentro hori hornitzen dituztenak. Hemen ikus dezakezu bere aurkezpena.
Ondoren, Iolanda Formoso, EAEko ikastetxe publiko bateko sukaldaria, langileen paperaz mintzatu zen. Hemen elikagaiak eta langileak lehiaketara ateratzen direla salatu zuen eta, horrez gain, langileek eskola-jantokietan duten paper garrantzitsua aitortzeko beharraz mintzatu zen. Hemen ikus dezakezue bere aurkezpena.
Sonia Quiroga, Alcalako Unibertsitateko irakasle titularra, eskola-jantokia eraldatzeko ikerketaz eta, zehatzago, Madrilgo 56 ikastetxetan izandako esperientziaz mintzatu zen. Hemen ikus dezakezue bere aurkezpena.
Mari Carmen Morillasek, CEAPAko bozeramaleak, familien zereginaz hitz egin zuen. Administrazioa dela jantokiaren arduraduna esan zuen, eta eskola-kontseiluak kontrol eta kudeaketa-eskumenak izan behar dituela. Hona hemen bere aurkezpena.
Bigarren egun hau Medikuntzako Doktorea eta SESPASko kidea den Miguel Angel Royorekin amaitu genuen. Royok Espainiar estatuko eskola-elikagaien arloko politikak birpasatu zituen eta gaixotasunen prebentzioaren inguruan mintzatu zen. Hona hemen bere aurkezpena.
3. atala: pedagogiaren zeregina eskola-elikaduran
Jardunaldien azken egunean hezkuntzari ekin genion.
Esparru ponentzia batekin hasi genuen hirugarren eguna, Gema Celorio (Hegoa EHU), German Llerena (Sant Cugateko Udaleko Iraunkortasun saila) eta Mariona Espinet (Bartzelonako Unibertsitate Autonoma) egon ziren Esther Canarias Incydeko kideak zuzendutako solasaldian.
Ondoren, hiru partaidetza-mahai sortu genituen, bat hezkuntza maila bakoitzeko (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa). Horietan, parte-hartzaileek Incydek eta Bidezko Elikadurak prestatutako dinamikak landu zituzten.
Arratsaldean esperientziak partekatzen egon ginen.
Alfredo Hoyuelos Iruñeko haur-eskoletako gerenteak “Hemengoak-de aquí” izeneko proiektua aurkeztu zuen, 11 udal-ikastetxeei kalitatezko produktu iraunkorrak, ekologikoak, freskoak, sasoikoak eta hurbilekoak eskaintzen dizkietproiektu honek, erosketa publikoko prozesu baten bidez ekoizleei zuzenean erosita. Langile guztiak publikoa dira eta zentroek sukalde propioa dute. Ildo pedagogikoa dute, langile guztientzat prestakuntza-ikastaroak eskaintzen dituzte (sukaldea, hezitzailea, garbiketa) eta eguneroko hezkuntza-lanaren analisia egiten dute.
Jose Gonzalezek, Paidos-Fundesplai erakundeko kideak, Sant Cugat-eko eskola publikoetako zortzi jantoki nola kudeatzen duten azaldu zuen, egunero 2.500 menu eskaintzen eta 20 koordinatzaile dituen proiektu honen bidez. Ikastetxearen proiektu pedagogikoa eguerdiko ordutegian ez apurtzeko beharra azpimarratu zuen eta 3 urtetik jantokian ikasleen autonomia garatzeko proiektua aurkeztu zuen. Hona hemen bere aurkezpena.
Sonia Resina Llinars-eko (Katalunia) nekazaritza eta abeltzaintzako erdi-mailako zikloko irakasleak etorkizuneko nekazarien jabekuntzaz hitz egin zuen, ikasitakoa praktikatu eta proiektuka lan egiteko ordutegien malgutzearen bitartez. Hemen ikus dezakezu bere aurkezpena:
Pilar Garciak, Madrilgo haur-eskolen sarearen proiektuaren aholkulari teknikoak, elikadura eredu berri bat ezartzeko hezkuntza programa aurkeztu zuen. Hemen ikus dezakezu bere aurkezpena:
Sandra Yesenia Aguilerarekin, El Salvadorreko San Isidro eskolako maisuarekin, ozeanoa zeharkatu genuen berriro. Eskola Jasangarriaren ereduaz hitz egin zigun, maisu ikuspegitik. Hemen ikus dezakezu bere aurkezpena.
Azkenik, Lanbide Heziketako ikastetxeetan elikadurari buruzko esperientzia zirkularra ezagutu genuen, Julene Urrutikoetxeari (Derioko nekazaritza-eskola), Igor Agoteri (LH Nekazaritzako Industriak Lea Artibai) eta Cristina Ascorberi (Leioako Ostalaritza Eskola) esker. Aurkezpenak hemen ikus ditzakezu.
Ortutik ahora-k eskainitako degus-akzio batekin eta eskola-elikadura eraldatzeko tresna bat eman izanaren aho-zapore onarekin amaitu genuen eguna. EAEko jantoki-eredua erabat industriala bada ere, badakigu bidezkoak, osasungarriak, iraunkorrak eta hezigarriagoak diren beste modu batzuk posible direla. Espero dugu gure administrazioek egun hauetan partekatutako informazioa gogoan hartu izana eta Hezkuntza Saileko ordezkariak esan bezala, hitz egiten eta adosten jarraitzea. Bitartean, gure ikastetxeetan, gure herrietan eta hirietan lanean jarraituko dugu, eskola-elikadura mundu iraunkorrago batera aldatzeko bidea izan dadin.
Jardunaldietan gertatuakoa galdu bazenuen hemen daukazu bideoak ikusteko aukera: https://www.youtube.com/channel/UCTeBlH4MFEPsebkh3XyU11g
#GOZOBILBAO
Informazio gehiago: WWW.GUREPLATERAGUREAUKERA.EUS
#GOZOBILBAO