“Eskolan sukaldea daukagu eta orain zer?“ jardunaldia egin genuen urtarrilaren 31ean Bergaran. Hezkuntza-komunitateetako kideak, udal-ordezkariak eta ekoizpen-sektoreko kideak egon ziren bertan.
Gure platera, gure aukeraren jangela-eredua
GPGAren hitz-hartzearekin hasi zen jardunaldia. Eskola–jangela osasungarria, agroekologikoa, gertukoa, parte-hartzailea eta ekonomikoki iraunkorra aldarrikatzen du Gure platera, gure aukerak. Ezaugarri hauek izan behar ditu eskola-jangela eredu horrek:
- Hezkuntza komunitateari dagokio zein jangela-eredu nahi duen erabakitzea.
- Jantokia ikastetxearen hezkuntza – proiektuaren parte izan behar da eta hezkuntza publikoaz ari garen heinean, bertako langileak publikoak izan behar dira.
- Ahal den ikastetxe guztietan bertan sukaldatzen dela bermatu behar da. Sukaldea bertan eraikitzeko aukerarik ez dagoen kasuetan, bestelako aukerak aztertuko dira, azpiegiturak partekatzea, esaterako.
- Eskola-jantokiaren kudeaketa osagarriak kudeaketa-aukera edo eredu desberdinak jaso behar ditu, ahalik eta proiektu gehienek tokia izan dezaten.
Deszentralizazioa nola egin? Eskola-jantokitik eskola-jangelara
Ondoren, Aitor Bilbao abokatuak hartu zuen hitza. Hasteko, EAEn eskola-jantokiei dagokien araudia aztertu zuen (17/2023 Hezkuntza Legea, 2024ko irailaren 9ko agindua). Indarrean dagoen aginduak sektoreko enpresen bidezko kudeaketa ahalbidetzen du soilik eta bestekoa kudeaketak ahalbidetzen dituen dekretu berri bat egin beharko litzatekeela azaldu zuen.
Ondoren, EAEko Araudia Nafarroakoa eta Kataluniakoarekin alderatu zituen. Nafarroako 58/2024 dekretuak, esaterako, aukera ematen du eskola-jangela kudeatu nahi duten tokiko erakundeekin hitzarmenak egiteko. Bestalde, Kataluniako araudiak hainbat kudeaketa-eredu ahalbidetzen ditu:
- Sektoreko enpresa bati zerbitzua emanez
- Sektoreko enpresekin kanpoan prestatutako janaria.
- Udalekin edo eskualdeko kontseiluekin egindako hitzarmenen bidez.
- Ikastetxeen kudeaketa zuzena.
- Herritarrei irekita dauden bestelako establezimendu, erakunde edo instituzioekin egindako hitzarmenen bidez.
Deszentralizazioa hasteko, helduleku garrantzitsua dugu EAEn: eskola-jantokien egungo ereduak behar dituen aldaketei buruz 2019an Legebiltzarrak aho batez onartu zuen erdibideko zuzenketa. Honek lau puntu ditu:
- Kudeaketa berritzailea eta deszentralizatua hautatzen duten ikastetxeei aukera bideragarriak eman behar zaizkie.
- Sukaldeak eraikitzea bermatuko da hala eskatzen duten ikastetxeetan.
- Eskola-jantokien kudeaketa deszentralizatuaren zenbait eredu azter ditzala Eusko Jaurlaritzak helburu izanik eskola-jantokiak ikastetxeek berek eta/edo tokiko erakundeekin lankidetzan kudeatzea.
- Eusko Jaurlaritzak proposa dezala jantokien araudiaren beste idazketa bat aurretiaz hezkuntza-komunitatea kontsultatuta.
Momentu honetan egunero milaka menu egiten dituzten 8 enpresetan dago zentralizatuta EAEko ikastetxe publikoetako jantokien kudeaketa. Azken lizitazioan jasangarritasunarekin lotutako irizpideak sartu diren arren (elikagai ekologikoak, labeldunak, bidezko merkataritzakoak, bertako ekoizleenak), hobetzeko margen handia dago eta badaude esperientzia interesgarriak, Urduñako udaleko pleguak eta Gasteizko haur-eskoletakoak, esaterako.
Bestalde, Europatik eratorritako araudiek erosketa publikoan gizarte- eta ingurumen-irizpideak sartzera behartzen du.
Udal kudeaketa Betelun
Nerea Martiarena eta Marta Barbak Araitz-Beteluko Araxes eskolako esperientzia azaldu zuten. Albiste honetan azaldu genuen esperientzia hau. 58/2024 dekretu berriak ematen duen aukera aprobetxatuz, jantokiaren udal-kudeaketa abiatu dute bertan. Beraien hitzartzea bi norabidetan egin zuten: batetik, Nafarroako eskola-jantokien testuingurua eta azken urteetan sortu diren aukerak partekatu zituzten. Eta bestetik, eskola jantokiko proiektu hau hasi berria denez, martxan jartzeko prozesu honen ikaspenak eta aurrera begirakoak.
EAEko testuingurua ezberdina den arren, gakoak hauek lirateke: elikadura burujabetzaren aldeko proiektuak errazteko eta garatzeko araudi-markoa, herri mailako tresna eta erakunde propiak sortzea kudeaketarako eta ikastetxeen arteko erosketa partekatuak.
Urduñako esperientzia
Urduñakoa EAEn garatu diren lau proiektu pilotuetako bat da eta 2018an abiatu zen. Urduñako eskolak ez du sukalderik, aldiz, ondoan dagoen zahar etxeak bai. Sukalde berean bi zerbitzuak emateko, udal-sukaldea egin zen zahar-etxean.
Momentu honetan IGEa elikadura partidaz arduratzen da. Hau da:
- Janaria erosteaz: Udalak hornitzaileentzako lizitazio publikoa ateratzen du eta lizitazio horretara atxikitzen da IGEa. Elikagaien %80a ekologikoa da.
- Menuak diseinatzeaz, dietista, udal-teknikaria eta IGEaren artean.
- Dietista kontratatzeaz.
- Sukaldeko alokairua ordaintzeaz.
Lan pedagogiko garrantzitsua egiten du ere IGEak, bai ikasleekin (tailerrak, jokuak eskola-orduetan) eta familiekin (hitzaldiak, tailerrak…). Komunikazio-batzordea dute ere.
Amaitzeko, IGEko ordezkariek marko juridiko bat eskatu zuten beraien esperientziarako.
