Gure Platera, Gure Aukera talde motorra nortzuk osatzen duten jakin nahi duzu? Atal honetan taldea osatzen duten pertsona guztiak ezagutzeko aukera izango duzue. Gaur Amaia eta Ane ezagutuko ditugu!
Nortzuk zarete eta ze erakunderen ordezkaria zarete GPGAn?
Amaia Aierbe Zurutuza eta Ane Otegi gara eta BIZIGAIA ekimenetik gatoz. Bizigaia, ekoizpena eta kontsumoa artikulatzeko egitasmo garrantzitsua da, gardentasunez eta konfidantzazko harremanetan oinarria duena. Bizigaia proiektuaren helburua Goierri eskualdean elikadura burujabetzaren bidean pausoak ematea da. Horretarako ekoizle berriak instalatzeko baldintzak elkarrekin sortuz eta agroekologiaren bidean trantsizioak bidelagunduz.
Noiztik zarete GPGAren parte?
Gure ekimena berria da. GPGA parte hartzeko gonbita luzatu ziguten orain dela gutxi eta 2022an hasi gara bertan parte hartzen.
Zergatik parte hartzen duzue GPGAn?
Guzti honetan, ekoizpen prozesuak zuzenean lotura daukate geure eskualdean sortzen diren elikadura eskariekin, hauetako garrantzitsuenak eskola jantokiak izanik. Eskualdeko elikadura egitasmoan giltzarri garrantzitsu gisa ikusten ditugu, trakzio lan horretan. Eskaera antolatu batek ekoizpen prozesu iraunkorragoak ekar ditzake epe ertain eta luzera. Era hontara gure eskualdeko ekoizleak gu hornitzeko antolatu daitezke, kate motzeko salmenta sustatu dezakete eta lan baldintza duinak sortuko lirateke.
Nolakoak izan beharko lirateke zure ustez eskola-jantokiak?
Gure ustez, eskola jantokiak osasuntsuak eta iraunkortasun irizpideak barneratuz joan behar dute. Haur eta gazteen beharrak erdigunean jarriko dituen jangela, zerbitzu batetik haratago, zer jaten denetik nola jaten dena kontuan hartuko duena, momentu eroso, baketsu eta aberasgarriekin.
Menuak iraunkortasun irizpideak bermatuko dituena, elikagaiak garaikoak, tokikoak eta agroekologikoak izateko pausoetan lagunduko duen eskola jangela. Balioan jarriko duena, nola, nork ekoiztua, egin duen bidea…honela etorkizuneko kontsumitzaileak hezituz.
Jangela justua, inplikatuta dauden eragile guztien arteko erantzunkidetasuna zaintzen duena, elkarren ezagutza, errespetua, elkartasuna eta ekitatetik. Jangela hezitzailea, elikadura ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren beste atal baten moduan lantzen duena. Norberaren osasuna inguruko osasunari lortuz ulertu eta barneratuko duena.
Ze mezu bidaliko zenioke eskola-jantokiak eraldatzeko bidean dauden edo egon nahi direnei?
Ane: Eskola Jantokiak eraldatu nahian dabilenari gogoz ekiteko esango genioke. Gaur egun daukagun egoera ikusita, dena irabazteko daukagula eta geroz eta bidelagun eta lanabes gehiago aurkituko dituztela, hortaz informatu eta Ekin.
Amaia: Transformazio guztiak ekinez egiten direla, pausoz pauso, elkartasunetik, elkar-lankidetzatik eta elkarrizketatik. Animo eta gogo horri eusteko. Bidea luzea izango dela, baina denon arteko lankidetza eta eskariek emaitzak ekarriko dituela pixkanaka.