23-24 ikasturtea berritasunekin hasi da eskola-jantokietan. Ia 6 urte igaro ondoren, lizitazioak berritu dira eta kontratazio berriak jarri dira abian horien kudeaketan. Lizitazio horiek atzerapen ugari izan dituzte, eta Hezkuntza Departamentuko arduradunen arabera, berrikuntza ugari ekarri dituzte. Bidezko Elikadura eta EHIGEk kontratu berri horien azterketa egin dute, eta ondorio nagusia da aldaketak formetan egin direla, baina ez direla sakonekoak. Esan ohi den bezala, aldatu, denak berdin jarrai dezan.

Erabakitzeko ahalmen osoa catering-enpresa bati ematen dio eredu zaharkitua dugu oraindik. Eskola-komunitateekin zerikusirik ez duen eta onura ekonomikoa baino bilatzen ez duen enpresa. Oraindik ere kalitatearen aurrean prezioa lehenesten eta baloratzen duen eredu baten aurrean jarraitzen dugu, eredu horrek enpresa gutxi batzuen esku jarraitzen du, eta aukera ukatzen die errestaurazio enpresa txiki edo ertainei. Eredu honek ez du aukerarik ematen produktu agroekologikoa eta hurbilekoa lehenesteko, klima-aldaketa gehiago bizkortuz.

Zoritxarrez, enpresa horietako baten jarduera albiste ugaritan agertu da azken asteotan, arau-hauste larriak tarteko. Gainontzean, ohiko gorabeherek jarraitzen dute (langile falta, janari eskasia, egoera txarrean dagoen janaria…), eta familia askok adierazi dute ez daudela pozik eskola-jantokietako zerbitzu “eguneratuarekin”.

Gure Platera Gure Aukerak ekarpen ugari egin ditu kontratu berri horien baldintza-agiriak hobetzeko; eskola-elikadura osasuntsuago, jasangarriago eta bidezkoagoa lortzeko urratsak emateko, baita bertan lan egiten duten pertsona guztientzat hobekuntzak egiteko ere. Ekarpen horiek guztiak ez dira gauzatu.

Era berean, etorkizuneko hezkuntza-legean eta araudian funtsezko aldaketak txertatzeko proposamen ugari egin dira: eskola-jantokia espazio pedagogiko, osasungarri, iraunkor eta bidezkoa bihurtu ahal izateko. Izan ere, elikadura eta familiak bigarren mailara pasatu dira edo ez dira aintzat hartzen. Egindako ekarpenak balioestea eta kontuan hartzea espero dugu.

Euskal eskola publikoko familiek urteak daramatzate eskola-jantoki eredua aldatzeko zain. Ikastetxeei autonomia emango dien eredu bat, tokiko ekoizleei, produktu ekologiko osasuntsuagoei eta ingurumena errespetatzen dutenei atea irekiko diena. Eredu horrek haurren osasuna lehenetsiko luke, eta ez catering-enpresa handien irabaziak. Eskola-jantokia irakaskuntza-gune bihurtuko duen eredua, bere ahalmen guztiarekin. Langileei beren lana behar bezala egin ahal izateko prestakuntza, denbora, ratioak eta lan-baldintzak emango dizkien eredua.

Hezkuntzaren legea negoziatzen ari den honetan, euskal eskola publikoko familiok ez dugu ulertzen urte luzez egindako eskari honi ez erantzutea.  Ikasturtez ikasturte eta lizitazioz lizitazio arazo berberak errepikatzen dituen eta hobekuntza-ekimen orori atea ixten dion jangela eredu honekin ezin dugu jarraitu.