Apirilaren 8 eta 9an Ipar Euskal Herrian produktu lokalekin eta ekologikoen aldeko apustua egin duten eskola-jantokien kudeaketa ezagutzeko aukera izan dugu INTIA, HAZI eta INTERBIO Nouvelle Aquitaine erakundeek osatzen duten RESELOC proiektuari esker. Proiektu honen helburua da bertako produktuak eta ekologikoak txertatzea sukaldaritza kolektiboan.

Eskola-jantokien kudeaketa Iparraldeko ikastetxe publikoetan

EHIGEko kide den Ikas-Bi Ipar Euskal Herriko ikastetxe elebidunen federazioarekin hasi genuen bidaia Bidarten. Erakundearen koordinatzaile den Céline Etchebarnek argitu zigun nola kudeatzen diren eskola-jantokiak ipar Euskal Herrian.

Udaletxeen esku daude lehen hezkuntzako (3-12 urte) eskola-jantokiak. Herri batzuetan udal-sukaldeak daude eta beste batzuetan sukaldeak ikastetxeetan bertan daude. Kasu guztietan langileak udaletxekoak dira eta hiru perfil daude: sukaldariak, begiraleak jatorduan eta hezitzaileak bazkal ondoko espaziorako. 5 euro inguru ordaintzen dute familiek menuko, gutxiago euren errenta mailaren arabera.

Udaletxeko langile bat arduratzen da udala eta eskolaren arteko koordinazioaz eta kanpoko adituetara (dietistak, esaterako) ere jotzen du udalak. Jantoki batzordean parte hartzen dute langileek, gurasoek eta zuzendariak.

Kolegioak (12-16 urte) departamentuak kudeatzen ditu. Erregioaren esku geratzen da lizeoen jantokien kudeaketa (16-18 urte).

Angeluko jantokien kudeaketa

14 eskola eta 2 aisialdi-zentro (klaserik ez dagoenerako) kudeatzen ditu Angeluko udalak. Sukaldeak daude guztietan, eraikin barruan edo alboan. Sogeres enpresan delegatu du janariaren hornikuntza, berak irabazi baitu lehiaketa publikoa (3 enpresa aurkeztu ziren).

Enpresak Udalak jarritako baldintzak bete behar ditu eta hala, arrainaren %50 freskoa da, barazkien %70 eta esnekien %100 ekologikoa. Lege berri bat dago Frantzian urritik eta honen arabera elikagaien erosketa publikoan %20 ekologikoak izan behar dira eta %50 bertakoak edo kalitatezkoak (labeldunak). Akitania berria erregio osoan ekologikoak izan behar dira sukalde kolektiboetan ematen diren elikagaien %20.

Familiek 0,50 zentimotatik hasi eta 4,5 eurotarainoko kuotak ordaintzen dituzten.

Garrantzi handia ematen diote arlo pedagogikoari. Horregatik, espazioen ergonomia zaintzen dute, adin desberdinetako umeak esertzen dira mahai berean eta txikienei lagundu egiten zaie janaria mozten.

Donibane Garaziko institutua

Navarre Lizeoa aitzindaria da jantokiaren kudeaketa iraunkorrari dagokionean.

Acena erakundearen kide da, erosketak egiteko antolatzen den taldea (328 kolegio, 203 lizeo, 31 nekazaritza-lizeo eta 16 azpiegitura publiko guztira). Erakunde honek 57 milioi menu eskeintzen ditu urtero. 20 taldetan banatzen dituzte erosketak eta prezio onak lortzen dituzte, baita enpresa handien erosketetan eragitea ere.

Bertako produktuen erabilera sustatzeko sukaldaritza kolektiboan, oso garrantzitsua da bertako ekoizpena ezagutzea eta jakitea zenbat ekoizteko kapazitatea daukan bakoitzak baita zenbat aldiz zerbitzatu dezakeen. Horretaz gain, lizitazioak prestatzerakoan ekoizleekin biltzen dira, berauei argitzeko nola aurkeztu behar diren.

Arlo pedagogikoari garrantzi handia ematen diote ere. Hala, ikasleak ekoizleengana eramaten dituzte, erein eta fruta jasotzera. Ekoizleak ikastetxera hurbiltzen dira ere, eta ikasleak zuzenean galderak egiteko aukera dute. Aldaketa klimatikoaren eragina ezagutzeko, Pirinioetako glaziarrak bisitatzen dituzte pertsona adituekin. Sukaldariek ere prestakuntza jasotzen dute, elikagai freskoekin nola lan egin behar duten ikasteko.

Ondoriak

Ipar Euskal Herrian, Europako beste zonalde askotan bezala, elikagaien erosketa publikoan baldintza ezberdinak ezartzen dituzte bertako ekoizle txikiak merkatu hauetara sartzeko. Normalean prezioa da baldintza nagusia eta ekoizle txikiek zailtasun asko dituzte merkatu hauetara beraien kalitatezko produktuak sartzeko. Iparraldean prezioak %30ko pisua du eta honek du ahalbidetzen du bertako nekazari, abeltzain eta ekoizleak beraien produktuak errestaurazio kolektibotan sartzea. Ingurugiro eta sozial irizpideak barneratzea ez dela hain zaila ikusi dugu, errestaurazio kolektiboan kalitatezko eta gertuzko produktuak sartzea posible dela ikusi dugu.

Eskola jantokiak bertako eta kalitatezko produktuekin hornitzeko borondatea, konpromisua eta ausardia behar da. Has gaitezen bidea egiten mugaz bestaldeko bizilagunekin!