Uda honetan egingo dira Durangaldeako hiru ikastetxe publikoetako sukaldeak, Atxondo eta Zaldibarko eskoletakoak, eta Iurretako Juan de Orobiogoitia institutukoak hain zuzen ere. Durangoko Zabalarra eskolakoa 2022ko udan eraikiko da.

Momentu honetan fase desberdinetan daude lau ikastetxeak: proiektua idazten, kontratatzen edo gainbegiratzen. Ohikoa den lez, oporraldia aprobetxatuko da obrak egiteko.

Pasa den urrian azaldu genizuen bezala, sukaldearen lehen proiektua ezagutzen dute ere Beasaingo Murumendi eskolan. Bestalde, Lantziego ikastolan Haur Hezkuntzako eraikin berriak sukaldea egiteko espazio izango du. Azkenik, Hezkuntza Sailak Bilboko Karmelo ikastolako sukaldearen obraren inguruan hartutako erabakia ezagutzea baino ez da geratzen.

Zazpi ikastetxe publiko hauek dira Eusko Jaurlaritzaren “2019-2023 Azpiegituren Plana” dokumentuan jasota zeuden obrak. Poliki-poliki eta hainbat urtetako lanaren ondorioz, sukaldeak errekuperatzen ari gara ikastetxe publikoetan. Orain, beste ikastetxeei bidea irekitzea geratzen da.