Aitor Núñez Salburua HLHIko jantokiko arduraduna, Errekabarri HLHIko gurasoa eta Salburuak bere Sukaldea plataformako kidea da Gasteizko auzo horretan sortutako ekimenaren sorrera, helburuak eta aurretik duten ibilbidea zein den kontatu digu.

 

Zer da eta nortzuk osatzen duzue Salburuak Bere Sukaldea plataforma?

Salburuak Bere Sukaldea plataforma Gasteiz hiriko Salburua auzoan sortu dugun plataforma herrikoia da. Auzoko hezkuntza komunitateek bat egin dugu helburu amankomun bat lortzera bidean. Plataforma, momentu honetan, auzoko hiru ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateek osatzen dugu: Arantzabela ikastola, Salburua HLHI ikastetxea eta Errekabarri HLHI ikastetxea.

Azpimarratzekoa da, zuzendaritza talde, eskolako zenbait irakasle eta familiek osatzen dugula plataforma. Auzo hezkuntza komunitate bateratua gara.

 

Zeintzuk dira zuen helburuak?

Gure helburu nagusia argia da; auzoan sukalde profesional bat nahi dugu bertan auzoko ikastetxeentzat propioki sukaldatzeko. Aipatutako hiru ikastetxeez gain, etorkizun hurbilean institutua ere izango dugu auzoan, eta proiektu honetan lekua izango du. Baita, horrela ikusiko balitz, auzoan ditugun partzuergoko hiru haurreskolek ere. Hurrengo ikasturtetik aurrera doakoak izango dira eta elikaduraren diagonalean aldaketak plantea daitezke.  Edozein kasutan, auzoko 1.000 ikasletik gora izan daitezke proiektu honen onuradun.

Bestalde, garrantzia handia ematen diogu proiektuaren nolakotasunari; langileen birkolokazioaren gaia guretzat marra gorria da adibidez. Guk, lanpostuen errebertsio edo publifikazio bat planteatzen dugu. Eskoletako atezainekin adibidez egiten baldin bada, edota sukaldari zein garbitzaile gutxi batzuekin ere, zergatik ez begirale eta officeetako langileekin? Guk, hezkuntzako langile bezala ulertzen ditugu, eta lanpostu hauek publifikatu, perfilatu eta lan poltsen bidez kudeatzea planteatzen dugu, beti ere orain gurekin lanean dauden kideei aterabideak eta lanpostuak mantendu ahal izateko aukerak irekiaz eta proposamen zehatzak mahaigaineratuaz.

Bestetik, menuen prezioetan igoerarik ez dugu onartzen eta lehengaien erosketa, menuen diseinua … era deszentralizatu batetan egitea exijitzen dugu, Lakuako Hezkuntza Sailaren zein katering enpresen eskuhartzerik gabe. Horrela, udalak zein bestelako eragile batek kudeatu beharko lukeela uste dugu.

 

Zein izan da orain arte egin duzuen ibilbidea? Eta hemendik aurrerakoa?

Plataforma oso gaztea da. Otsaila amaieran lehen urratsak eman eta auzo plataforma bezala martxoa amaieran eratu ginen. Gure proiektua bizkar hezurtzen duen dokumentua sortu eta apirilean Lakuako Hezkuntza Sailarekin, Gasteizko udalarekin eta alderdi politiko eta sindikatuekin partekatu genuen.

Orain arte ELA, LAB eta EH Bildurekin eta Burdinbiode auzo elkartearekin hartu-eman oparoak izan ditugu. PSErekin ere azaleko kontaktuak egon dira, baina askoz gehiagorik ez.  Gainontzeko alderdi politiko eta sindikatuen berririk ez dugu izan. Eta Lakuako Hezkuntza Saila zein Gasteizko udala isilik mantendu dira orain arte. Guretzat, ardura politiko guztia partekatzen dute bi administrazioek eta orain arteko isiltasuna kezka puntu batekin bizi dugu. Izan ere, udazkenetik aurrera negoziazio prozesuak hasiko ez balira, auzoko hezkuntza komunitateak ez luke ulertuko, eta plataforma bezala bestelako urratsak eman beharko genituzke ezinbestean.

Auzo mailako inkesta bat egin dugu ere, eta parte hartzea ikaragarria izan dela esango genuke; familien %75ak bete du inkesta. Horrek esan nahi du 4 familiatik 3k erantzun dutela bataz beste. Eta jakin badakigu zelako zailtasunak dauden familia guztietara iristeko edota edozein esparrutan, parte hartzea bermatzeko. Azken 10 urteetako hauteskundeei erreparatzea besterik ez dugu abstentzio mailak ikusteko. Eta gu oso gainetik ibili gara.

Gainera, inkestetako datuek %99,7an familiek proiektuarekin bat egin eta berresten dutela argi adierazten dute. Logikoa den bezala, interes handia dago familien partetik. Eta familia hauetako asko dira parte hartze aktibo bat izateko prest agertu direnak; lan talde eta batzordeetan integratzeko, talde motorean egoteko, ekimen zehatzak bideratzeko… zentzu honetan, espektatibak gainditu ditugula esango genuke.

Etorkizunera begira, gure asmoa udazkenetik aurrera Gasteizko Udalarekin eta Lakuako Hezkuntza Sailarekin mahai negoziatzaileak eratu, kronogramak planteatu eta agendak koordinatzea litzateke. Eta seriotasunez urrats sendoak ematen hastea da gure ideia. Hau da, ez dugu sukaldea egingo den ala ez negoziatzera esertzeko asmorik. Sukalde hori non, zelan eta zein epeetan eraikiko den adostea da helburua. Izan ere, ikuspegi tekniko batetik erabat bideragarria da eta borondate politikoa besterik ez du eskatzen gure proposamenak.

Edonola ere, udazkenetik aurrera administrazioek hartzen duten jarreraren arabera zehaztuko dugu gure estrategia ere. Gaur gaurkoz, ez dugu inolako aukera zein eszenatokirik baztertzen eta kontenplatzen ditugun aukera guzti horien aurre lanketa prozesuak abian ditugu.

 

Aitor Núñez, Salburua HLHIko jantokiko arduraduna, Errekabarri HLHIko gurasoa eta Salburuak bere Sukaldea plataformako kidea.