Gure Platera, Gure Aukera talde motorra nortzuk osatzen duten jakin nahi duzu? Atal honetan taldea osatzen duten pertsona guztiak ezagutzeko aukera izango duzue. Gaur Andoni aurkeztuko dizuegu!
Nor zara eta ze erakunderen ordezkaria zara GPGAn?
Andoni Alonso naiz, LAB sindikatuko kolektibitateetako arduraduna.
Noiztik zarete GPGAren parte?
GPGAn parte hartzen dugu ekimena hasi zenetik, egunero eskola publikoko jangeletan gauden emakume langileen ikuspegitik, bai Hezkuntza Saileko zuzeneko langileak, bai azpikontratatuak.
Zergatik parte hartzen duzue GPGAn
Jangelen egungo eredua aldatzeko helburuarekin.
Nolakoak izan beharko lirateke zure ustez eskola-jantokiak?
Jangelak ikastetxeen hezkuntza-proiektuaren parte izan behar dira, jangelek ikasteko gelak izan behar baitute, langileek parte hartuta, beren esperientziatik eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideekin batera duten inplikaziotik abiatuta. Hori guztia hiru ikuspegiren pean: pedagogikoa, laborala eta elikadura-burujabetza.
Ze mezu bidaliko zenioke eskola-jantokiak eraldatzeko bidean dauden edo egon nahi direnei?
Aldaketa posible den une honetan, zentro guztiek sukaldea “in situ” izan behar dute eta langileak merkantzia izateari utzi eta langile publikoak izatera igaro behar dute, azpikontrataziorik gabe.
Jangelak hezkuntzaren zatitzat hartu behar dira, ikastetxeetako gainerako langileak bezala.