Uda honetan Bilboko Karmelo ikastolan sukaldea eraikitzea aurreikusita zegen arren (obra hau  2019-2023 epeko azpiegituren planean jasoa dago), ez da obrarik egingo uda honetan. Egoera salatzeko, “Sukaldearen aldeko argazki erraldoia” egin du ikastetxeko komunitate osoak.

Idatzi hau helarazi digu guraso elkarteak:

“Karmelo Ikastolako guraso elkartetako “HAZI, HEZI eta BERTon egin” ekimenetik, kalitatezko menu osasungarri eta jasangarria izatea, Eusko Jaurlaritzak familia guztiei bermatu beharreko eskubidea dela uste dugu. Hau bermatzeko oinarria, sukalde propioa izatea da, eta hori aldarrikatu dugu aspalditik gure ikastolan, jangela eredu berri bat bilatzeko bidean.

  • BERTon egin ahal izateak, menuak elikagai freskoekin, sasoikoekin, lokalekin, jasangarriekin eta kalitatezkoekin egitea errazten duelako.
  • BERTon egin ahal izateak, ziurtatzen duelako menuak prestatu berritan zerbitzatuko direla.
  • BERTon egin ahal izateak, nabarmen murrizten duelako elikagaien alferrik galtzea.
  • BERTon egin ahal izateak, tresna pedagogikoa izan daitekelako.
  • Sukaldea duten ikastetxeetako familiek hobeto baloratzen dutelako menuen kalitatea eta jangela zerbitzua.

Hezkuntza sailak gure ikastolan sukaldea eraikitzeko konpromezua hartu zuen, 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Planean jasoz. 2022-2023 ikasturtea amaitzear dago, eta iazko udarako aurreikusten zuten obra, itxura guztien arabera, uda honetan ere ez da burutuko. Karmelo ikastolako eraikin berri honek, 10 urte beteko ditu sukalderik gabe. Ondorioz beste ikasturte batez:

  • Gure seme-alabek katerinekoa bazkaldu beharko dute?
  • Hamar ordu lehenago prestatutako janaria jaten jarraituko dute?
  • Menu osasungarriagoak eta jasangarriagoak izateko eskubiderik gabe?

Noiz ikusiko dugu behingoz gure ikastolan, sukalde bat martxan, lapikoak pil-pilean dituela eta tximinia kea dariola?

Ikastola honetako komunitate osoak, gurasoek, ikasleek, irakasleek eta nola ez jantokiko langileek, DENEK jakin nahi dugu noiz beteko duen Jaurlaritzak hartutako konpromezua.

Jantokia zerbitzu osagarri izateari uzteko eta ikastolako beste hezkuntza-gune bat izateko, jangela eredu propioa sortu nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa dugu sukalde bat.

IKASTETXERIK EZ SUKALDERIK GABE!!!

HAZI, HEZI ETA BERTon egin

Kaixo Guraso Elkartea”