Hezkuntza Sailburuordetzak 2000ko martxoaren 22an argitaratutako Aginduak Euskadiko eskola jantoki publikoak arautzen ditu. Kudeaketa zuzena ezartzen du eskola jantoki publikoan zerbitzua emateko behin betiko formula utziezin gisa. Hala, eredu horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da catering enpresak homologatzen, aukeratzen eta kontratatzen dituena. Enpresa horiek, beraz, zerbitzua emango dute eta ikastetxeek kudeaketa ekonomikoa egingo eta jantokiaren funtzionamendua gainbegiratuko dute.

Halere, funtzionamendua ere araututa dago Sailburuordetzak ezarritako eta 2012/2013 ikasturtean martxan jarritako funtzionamendurako jarraibideen bitartez. Jarraibide horiek, besteak beste, zerbitzuak izan dezakeen langile kopurua edo bazkaltiar berriak onartzeko irizpideak mugatzen ditu. Gainera, kontratatutako enpresa horiek beste arau batzuk ere bete behar dituzte, esaterako,  lehengaiak erostean eta kolektibo handientzat janariak prestatzean, batez ere, kontsumoari, higieneari eta elikadura segurtasunari dagozkien legeak.

Esleipendun enpresak lehiaketa publiko baten bitartez aukeratzen dituzte. Lehiaketan, ikastetxeak multzo desberdinetan banatzen dituzte (3, 6, 8 eta 9 lote 2022ko pleguetan). Alabaina, jartzen dituzten ahalmen eta kaudimen baldintzak direla-eta enpresa gutxi batzuek besterik ez dute homologazioa lortzen eta zerbitzua eskaintzen. Izan ere, azken 17 urteetan 7 enpresak besterik ez dute esleipena lortu. Bigarren fase batean, enpresek zerbitzu proposamen bat aurkezten dute. Proposamenek lehiaketaren baldintza teknikoen agirian ezarritako baldintzak beste behar dituzte (eranskinetan dituzue 2022ko 8 pleguak).

2015/16 eta 2022ko pleguen konparaketa egitea eskatu diegu Grupo de Investigación de Compra Pública Verde (UAH) eta Mensa Cívica-ri. Zortzi arlo aztertu dituzte eta hobetzeko proposamenak egin dituzte. Hauek dira aztertutako arloak:

  1. Kontratuaren xedea.
  2. Kontratua loteetan zatitzea.
  3. Esleipen irizpideak.
  4. Egikaritzeko baldintza bereziak.
  5. Lizitatzaileek aurkeztu beharreko bermeak eta kaudimen ekonomikoa eta teknikoa.
  6. Espezifikazio teknikoak.
  7. Zigorrak eta kontratua suntsiarazteko kausak.
  8. Menuak eta menu aldaketak.

Hemen duzue dokumentu osoa: Ikerketa konparatiboa 2015-2016 eta 2022

Eta hemen laburpena: Laburpena plegunen konparaketa 2015/6-2022

Eta zeintzuk dira bete beharreko arauak jantokiaren kudeakidetza prozesu bat martxan jartzen badugu?

Gaur egun, EZ dago hori arautzen duen legerik; izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du aukera hori aintzat hartzen. Hala, LBPa baliatuz Eusko Legebiltzarrak onartu dituen lau proiektu pilotuak (PP) izan dira zentzu horretan eman den aurrerapauso bakarra, baina, eredu horren eta kudeaketa zuzenaren artean alde handia dagoen arren, ez zituzten funtzionamendurako jarraibide espezifikoak zehaztu. Hori dela eta, ikastetxe horiek indarrean dagoen araudia eta baldintza agirietan ezartzen ziren baldintzak betetzen saiatu dira, hala nola eskaini beharreko menu motak edo langileen kategoriak. Aitzitik, kudeaketa zuzenarekin zerikusirik ez duten gauzetan, irtenbide praktikoak asmatu behar izan dituzte administrazioak utzitako hutsuneak betetzeko.

PPek izan duten arrakasta eta jantokien kudeaketa eredu berrien alde gizarteak egindako presio handia kontuan hartuz, Eusko Jaurlaritzak bere jarrera aldatzea eta lege malguago eta inklusiboak sortzea espero dugu. Ordura arte, gida hau gaur egungo araudiaren eta PPen esperientziaren arabera egin dugu, beraz, kontuan hartu mugak dituela eta legeak aldatzen diren neurrian gida hau ere aldatuko dela.

INDARREAN DAUDEN ARAUEN ZERRENDA

Jarraian, arauen zerrenda eguneratua aurkezten dizuegu, baita administrazioetatik datozen eta jantokien kudeaketari dagozkion beste agiri batzuk ere. Ez larritu, ez dituzue guztiak ezagutu behar. Izan ere, gida honetako atal bakoitzean kontu hauek modu zehatz batean azaldu nahi izan ditugu baina baina modu erraz eta praktiko batean ere bai.

Euskal Autonomia Erkidegoa

Estatu mailan

Europar Batasun mailan