Zuen ikastetxeak sukaldea badu zorionekoak zarete; are gehiago sukaldea martxan badago.

Izan ere, eskola jantokiaren kudeakidetza prozesua abiatzeko oztopo nagusietako bat gainditu duzue. Hala ere, gaizki ulertuak ekidin behar ditugu; izan ere, office bat eta sukalde bat ez dira gauza bera. Officea kanpoko sukalde zentral batetik datorren janari prestatua beroan edo hotzean mantentzeko eta zerbitzatzeko balio duen ekipamendu bat da, baina horretan ezin da janaria prestatu, ez baititu sukalde batek dituen oinarrizko ekipamenduak. Hortaz, lehenik eta behin, gure ikastetxeak officea edo sukaldea duen jakin beharko dugu.
Jantokia kudeatzen duen enpresa ezagutzeaz eta menuak osorik edo partzialki prestatzen ote dituen jakiteaz gain, beste kontu batzuk ezagutzea ezinbestekoa da administrazio publikoei kudeaketa aldatzea proposatu aurretik.


Sukaldea in situ duten ikastetxeetan bi langile mota dago: sukaldeko langileak eta begirale-hezitzaileak. Beraz, ezinbestekoa da langile kopurua, zer baldintzatan dauden eta bakoitzak zer egiten duen ezagutzea.
Diru-sarrerak kuoten eta Eusko Jaurlaritzak ordaintzen duen zenbatekoaren (ikastetxearen arabera desberdina da) bitartez lortzen dira. Dena den, legeak ezartzen du bazkaltiar bakoitzak ordaindu beharrekoa: ohiko bazkaltiarrek 4,60 €, garraio eskubidea duten ohiko bazkaltiarrek 3,30 €; bazkaltiar ez ohikoek 5,20 €; eta gainontzekoek (ikastetxeko langileek) 8,10 €. Doako bazkaltiarrak ere badaude: sukaldeko langileak, jantokiaz arduratzen diren langileak, begirale lanetan aritzen diren irakasleak eta hezkuntza laguntzako espezialista. Gainera, zehaztuta dago bekak nola emango diren, zein kasutan buelta daitekeen familiek ordaintzen duten kuota eta noiz jakinarazi behar dituzten aurreikusitako eta zerbitzatutako menuen arteko desberdintasunak, kostuak birkalkulatze aldera.